Nekazari txikiek apenas dute lekurik hazi ekologikoen merkaturatzean, baina Aleka elkarteak lortu du merkatu horretan sartzea eta haziak saltzen hastea. Miguel Arribas Kelo Beizamako bizilagunak (Madril, 1979) sortu zuen duela bi urte elkartea, eta egun Euskal Herriko 11 baserritarrek osatzen dute sarea, norbanakoei nahiz profesionalei haziak saltzeko. Gisa horretako Euskal Herriko lehen elkartea da Aleka, eta haziak merkaturatzeko araudian sartu izana "garaipen txikitzat" jo du nekazariak.
Hazien egungo merkatuaren alternatiba izan nahi duzue. Zergatik?
Merkatua monopolizatuta eta multinazional batzuen esku dago. Nekazaria naiz azken hamabost urteetan, eta beti bota izan dut faltan halako proiektu bat. Haziak Euskal Herritik Euskal Herrirako ekoiztea da gure asmoa, halako beste proiekturik ez dagoelako hemen. Aspalditik nabil hazien kulturan eta jakintzan murgilduta, eta duela bi urte horiek ustiatzeko jauzia eman nuen. Joan zen udazkenean hasi ginen haziak saltzen.
Zein dira elkartearen helburuak?
Alde batetik, azken urteetan galdutako bioaniztasuna bultzatu eta berreskuratu nahi dugu baserritar txikien artean. Nekazariontzako irtenbide bat da hori bultzatzea, ezin baitugu lehiatu beste herrialde batzuekin. Bestetik, baserritarrok gure eskubideak berreskuratu nahi ditugu. Izan ere, gure haziak ekoizteko eta merkaturatzeko eskubidea ere galdu egin dugu, eta eskubide hori berriz lortzeko borrokatu behar dugu. Zentzu horretan, proiektu hau ez da nirea bakarrik; sare bat osatzen ari gara Euskal Herriko baserritarrok. Haziak ekoizteko eta merkaturatzeko baimena du elkarteak, eta legeak dituen zirrikituak aprobetxatu nahi ditugu baserritarrok eskubide horiek berreskuratu ditzagun.
Zenbatek osatzen duzue sarea?
Oraingoz, 11 baserrik osatzen dugu elkartea. Gehienak Gipuzkoako baserriak dira, baina badaude Arabako eta Bizkaiko batzuk ere. Talde horrekin hasi gara lanean, baina edozein baserritar gonbidatzen dugu hazien barietate bat ekoiztera eta Alekaren bidez eskubide hori berreskuratzera. Bestalde, baserritarrok betebehar batzuk ditugu, gure helburua baita kalitatezko haziak ekoiztea. Beraz, sarera batzen direnek formazio bat eduki eta kontrol neurri batzuk jarraitu behar dituzte.
Askotan hitz egiten da elikadura burujabetzaz. Saiakera horretan, zer leku dute haziek?
Lehenengo sektorean lan egiten dugun guztiok ari gara elikadura burujabetza lantzen, baina haziekin ahaztu egiten gara beti. Azkenaldian, esaterako, bertako produktuen kontsumoa bultzatzen ari gara, eta ondoko baserritarrari hark ekoiztutako tomateak erosten dizkiogu. Hori oso ondo dago, baina ez gara gogoratzen tomate horren haziaren jatorriaz. Zoritxarrez, kasu ia guztietan multinazional batek patentatutako haziak izaten dira horiek, Hego Amerikan edo Asian ekoiztutakoak. Hori ez da koherentea elikadura burujabetzaz hitz egiten ari bagara. Pieza hori falta zaigu, eta arlo hori mahai gainean jarri eta praktikara eraman nahi dugu guk; multinazionalen merkatuari alternatiba bat bilatu behar diogu.
Hazien merkatua enpresa gutxi batzuen esku dagoen honetan, nola egin dezake indarra ekoizle txiki batek?
Horretan saiatzen ari gara. Lehenengo esperientzia da honako hau, eta ikusiko dugu nola ateratzen den. Oraingoz, ordea, harrera ona izaten ari gara. Uste dugu multinazionalei aurre egiteko beharrezkoa dela lekuan lekuko halako proiektuak sortzea.
Garai batean, baserritarrek haziak gordetzen zituzten hurrengo uztetarako, eta hazi horiek beste baserritarrekin trukatu ere egiten zituzten. Galdu egin al da ohitura hori?
Erabat galdu da. Are gehiago; baserritarrok jarduera hori galtzeaz gain, multinazionalen esku utzi dugu. Gainera, jaso dugun mezua izan da hazien ekoizpenak adituen ardura izan behar duela, eta ondorioz, baserritarrei beldurra sorrarazi diete. Baina horrek ez luke hala izan behar. Baserritarrok, mendeetan egin dugun bezala, haziak ekoitzi ditzakegu oraindik ere.
Zer dio legeak hazien merkaturatzeari buruz?
Monopolizatutako merkatuaren tresna da legea bera; ekoizle txikientzako harresia da. Izan ere, industria handiek dituzten baldintza berberak eskatzen dizkigute guri ere, makinei, biltegiratzeei eta ontziratzeari dagokienez. Hau da, dimentsio handiko baliabide materialak zein ekonomikoak eskatzen dituzte, eta baserritar txikiek ezin dute hori beren gain hartu. Horregatik ez daude gurea bezalako proiektu asko.
Ondo dago kontrol bat eramatea, haziak kalitatezkoak izan daitezen, eta guk aurkitu dugu horretarako modu bat, baina ez da batere erraza izan. Indarrak batu ditugu eta tematu egin gara sektore honetan, eta azkenean lortu dugu araudian sartzea. Baina legea haien alde dago egina, eta araudia zeharo bidegabea da. Borrokatu eta desobeditu egin beharko genuke horren aurrean, baserritarron betiko eskubidea izan delako haziak ekoiztea, trukatzea edo merkaturatzea.
Nola desobeditu daiteke?
Arauditik kanpo ibilita. Guk erabaki dugu araudiaren barruan lan egitea, profesionalengana ere iritsi nahi dugulako. Hain zuzen ere, araudian sartu izana estrategikoki garaipen txiki bat izan da guretzat. Baina edozein baserritarrek saltzen baditu bere haziak, hori ere zilegi da, arauditik kanpo egon arren. Legeak eta zilegitasunak ez dute bat egiten.
Haziak merkaturatu aurretik, zer prozesu jarraitu behar da?
Barazkiak gazte daudenean jaten ditugu, baina haien haziak ekoizteko heldutasunera iritsi behar dute barazkiek. Haien zikloa asko luzatzen da haziak ekoizteko. Letxugen kasuan, esaterako, jaterako behar dena baino hiru aldiz denbora luzeagoan eduki behar dituzu haziak eskuratzeko. Gero, eultzitu eta garbitu egin behar da, eta espeziearen arabera, prozesu nahiko konplexua izan daiteke hori. Ondoren, ernetze-analisiak egiten ditugu, ikusteko kalitatezko haziak direla. Azkenik, ontziratu egiten ditugu.
Nola ikasi duzu aleak ekoizteko teknika?
Ekinez eta denborak eman didan esperientziarekin ikasi dut. Horrez gain, gidaliburuen eta formazioen bidez nahiz baserritar zaharrekin hitz eginez neureganatu dut jakintza hori.
Zaila al da kalitatezko haziak topatzea?
Oso zaila da. Profesional ekologikoak garenok batez ere Frantzia eta Europa aldera jotzen dugu haziak lortzera. Kalitatezko haziak lortzeko gure ekoizpen eredua jarraitzen duen halako beste proiekturik ez dago inguruan. Izan ere, ustiapen ekologikoa izan, eta gero haziak Monsanton [hazi transgenikoen multinazionala] erosteak ez du zentzurik.