Amazonian erreferente, Euskal Herrian ezezagun

Ihintza Elustondo 2019ko urt. 25a, 10:17

Alejandro Labaka misiolari beizamarraren bizitza jasotzen duen dokumentala emango dute gaur, Donostian. 1987an hil zuten tagaeri indigena taldekoek Ekuadorren, Ines Arango mojarekin batera.

Alejandro Labaka, Amazonia oihanean, Ekuadorren, huaorani indigenekin. (Hitza)

Herri txiki batekoa zen Alejandro Labaka, baina horrek ez zion mundua ezagutzea oztopatu. Oso gazterik kaputxino sartu zen, eta sorterria, Beizama, utzi, eta Txinara misiotara joan zen. Txinako iraultza hasi zenean, ordea, handik alde egin behar izan zuen, eta Ekuadorko oihanera joan zen. Gotzain kargua eman zioten han, baina ez zitzaion nahi bezain ondo joan. 1987ko uztailaren 21ean, 67 urte zituela, huaorani indigenen etniako tagaeri taldekoek hil egin zuten, Ines Arango moja kolonbiarrarekin batera. 45 bat lantza sartu zizkioten Labakari, eta beste 27 Arangori.

Istorio gogorra bezain ezezaguna da Beizamako misiolariarena. 32 urte pasatu dira haren heriotzatik, eta Euskal Herrian, gaur egun oraindik, jendeak ez duela Labakaren berri uste du Joseba Bakaikoa kaputxinoak. "Alejandro eta Ines erreferentziazko pertsonak dira Amazonian, oso maitatuak, eta hemen, berriz, ezezagunak dira". Horregatik, Labakaren eta Arangoren istorioa ezagutarazteko helburuarekin, haien bizitza eta heriotza jasotzen dituen dokumentala proiektatuko dute gaur, Donostian.

Repam Amazoniako Elizaren taldeak iaz ondutako filma da misiolarien bizitza kontatzen duen La vida por la amazonia, eta lehen aldiz emango dute Euskal Herrian. Donostiako Kaputxino Anaidiako kide den Bakaikoak antolatu du emanaldia. Kaputxinoen komentuko Asis zentroan emango dute dokumentala, Camino kaleko bigarren zenbakian, 19:00etan.

Etxarri Aranazkoa (Nafarroa) da Bakaikoa, baina ez da kasualitateak eragindakoa Labakaren bizitzarekiko duen interesa. Gaztea zela, Beizamako Urki baserrira joan zen bi udatan euskara ikastera, eta Labaka ezagutzeko aukera izan zuen. "Garai hartan, kaputxino sartu nintzen ni, eta Labaka erreferentziazko gizona izan da ordutik niretzat".

Dokumentalean Labakaren bizitzaren nondik norakoak azaltzen dira, eta horien errepasoa egin du Bakaikoak. "30 urte eman zituen Labakak Ekuadorren. Besteen alde, eta batez ereoihanean bizi zirenen alde, dena eman zuen". Izan ere, Amazoniako indigenak zapalduta zeuden, Labakaren iritziz. "Oihanean aberastasun handia dago, petrolioa eta zuhaitzak daudelako. Eta boterea daukatenak horren bila joaten dira oihanera, hango biztanleak mespretxatuz", azaldu du Bakaikoak.

Egoera horren aurrean, Amazoniako indigenak babestea izan zen Labakaren asmoa. Petrolioa eskuratzeko, oihana bereganatu nahi zuten hainbat enpresak eta Ekuadorko Gobernuak, eta oihanean bazegoen talde bat beraien etniaz kanpoko jendeaz ezer jakin nahi ez zuena. "Hala eta guztiz, petroliaren ugazabek oihanera sartzeko asmoa zuten, eta Labakak eta Inesek indigenengana laguntzera joatea erabaki zuten, erailko zituzten beldurrez".

Helikopteroz bertaratu ziren bi misiolariak, eta tribu bateko emakumeekin eta haien seme-alabekin hizketan aritu ziren, aurrez haien hizkuntza ikasia zutelako. Hala ari zirela, gizonak ehizatik itzuli ziren, eta lantzak botata hil zituzten bi misiolariak. "Petrolio-enpresak armatutako jendea ari ziren oihanera bidaltzen, eta haietako batzuk zirela pentsatu zuten".

Bakaikoak argi du nondik zetorkion herri txikiekiko halako interesa Labakari: "Bera ere herri txiki batekoa zen, zapaldutako herri batekoa. Euskaldunok badakigu zer pasatu den gure lurraldean, eta berak hori bizi izan zuen bere garaian. Horregatik, Ekuadorren herri zapalduen alde dena eman zuen Labakak". Huaorani etniako hizkuntza ikasi zuen haiekin komunikatzeko, eta haien familia bateko seme ere egin zen Labaka.

Emanaldi gehiago
Dokumentalaren beste bi emanaldi ere lotu ditu Bakaikoak. Donostiako bi parrokiatan eskainiko dute filma, eta saio gehiago egitea da haren asmoa. Istorio beraren inguruan, erakusketa ere antolatu zuten duela urte batzuk, eta orain Bilbon, Donostian eta Gazteizen jarriko dute. Hemen ezezagun den istorioa ezagun bilakatu nahi du Bakaikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide