Herri kirolen topaleku bilakatu zen atzo, zapatua, Azkoitiko Gurea pilotalekua. Hain zuzen ere, Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten Aitzol Atutxa dimoztarrak eta Julen Alberdi
Txikia IV. azkoitiarrak Mikel Larrañaga azpeitiarraren eta Eneko Otaño beizamarraren aurka, eta Txikia IV.a eta Atutxa nagusitu ziren, lan guztietan aldea aterata.
Saioa hasi aurretik minutuko isilunea egin zuten Gurea pilotalekuan elkartutako lagunek,
atzo bertan hil zen Iñaki Garmendia
Lajaren oroimenez. 26 enbor ebaki zituzten aizkolariek, lau modutara: erlojuaren kontra, zutik, etzanda eta txanda librean.
Atutxak eta Txikia IV.ak 23 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta aldiz, Larrañagak eta Otañok 24 minutu eta 55 segundo; beraz, jardunaldiari dagokion puntua Atutxak eta Txikia IV.ak eskuratu zuten. Azkoitiarra "gustura" agertu zen egindako lanarekin. Hark adierazi zuenez, "lasai" aritu zen lanak gauzatzen, eta gozatu" egin zuen azken lanean.
Atzo lehiatu ziren aizkolariak txapelketaren A multzokoak dira. Joan zen Errege egunean Deban jokatu zuten txapelketaren lehen jardunaldia, Larrañaga eta Otaño nagusitu zitzaizkien Xabier Orbegozo
Arria II.a errezildarrari eta Jon Rekondori. Aipatutako hiru bikoteek osatzen dute A multzoa, denek denen kontra jokatuko dute sailkapen fasea, eta lehen postuan sailkatzen denak zuzenean lortuko du finalerako txartela. B multzoan, berriz, bi bikote daude: Iker Vicente-Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza-Iñaki Azurmendi. B multzokoen arteko jardunaldi bakarra ere eskualdean jokatuko da, Iraetan, hain zuzen ere, hilaren 20an. Lehian ari diren bost bikoteetatik hiruk jokatuko dute finala: A taldetik zuzenean sailkatzen denak eta gainerako lau bikoteen artean erabakiko diren bi finalaurreetako irabazleek.
Aizkolarien saioa ez ezik, harri-jasotzaileen Bi Harri Txapelketaren bigarren jardunaldia ere jokatu zuten atzokoan. Jon Unanue
Goenatxo III.a etxean aritu zen, eta 175 kiloko errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin lan ederra egin zuen. Bestalde, Emakumezkoen Aizkolari Txapelketako saioa ere jokatu zuten atzo, eta Nerea Sorondo beratarrak puntu bat eskuratu zuen, Itsaso Onsalo aresoarra mendean hartuta.
Hona hemen, atzoko irudiak: (Argazkiak: Ibon Errazu)