Nekane Otaño: "Beizamako umeek harremana ez galtzeko balio du judotekak"

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 12a

3 eta 10 urte arteko umeak elkartzen dira ludotekan, judoa praktikatzeko. (Nerea Otaño) Umeak harremantzeko tresna aparta izan ohi da jolasa; eta Beizaman, umeek harremana ez galtzeko ere balio du. Joan den ikasturtetik, gainera, judoak betetzen du hango umeei zuzentuako aisialdi eskaintza, eta kirola praktikatzeko ez ezik, elkarren berri edukitzeko ere balio die jarduera horrek. "Beizamako umeak ikastetxe desberdinetara joaten dira, eta herrian zerbait antolatzea nahi genuen, beraiek bertan bildu zitezen eta harremanetan egoten jarrai zezaten", adierazi du Nekane Otaño Beizamako zinegotziak. Urtean zehar umeei zuzendutako hainbat ekintza egiten badute ere, ludoteka da haientzako aisialdi-gune iraunkor bakarra Beizaman. Udaletxe azpiko solairuan dute ludoteka, eta judoa da hango jarduera nagusia. Ostiraletan zabaltzen dute ludoteka, 18:00etatik 19:30era bitartean, eta egun horretan eskaintzen dute ordubeteko judo saioa bi hezitzailek. Ondoren, berriz, jolasekin osatzen dute arratsaldea. "Joan den ikasturtearen erdialdean hasi ginen judoa eskaintzen, bestela umeak aspertu egiten zirelako. Askori gustatu egin zitzaien judoa, eta galdetu genien ea aurten ere hura praktikatzen jarraitzea nahi al zuten. Askok baietz esan zuten, eta gehienek eman dute izena". Aurten, gainera, judoan ibili ahal izateko lurrean jartzen den tatami bat erosi dute, eta 3 eta 10 urte bitarteko hamahiru lagun elkartzen dira ostiralero. Otañoren arabera, umeak "gustura" joaten dira judoan egitera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide