Beizaman izan da Markel Olano, aldundiak han egin dituen lanak ezagutzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 25a

Aldundiko eta udaleko kideak, atzo, Beizaman. (Aldundia) Gipuzkoako Foru Aldundiak Beizamako bi baserri bide berritu eta udal eraikinetako eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak egin ditu azken urteetan, eta egindakoa bertatik bertara ikusteko asmoz, Markel Olano diputatu nagusia eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapenerako, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua Beizaman izan ziren atzo, asteazkena. Aldundiak Gipuzkoako udalerri txikietan abiatutako LandaGipuzkoa+ egitasmoaren bidez egin ditu lanak, eta Beizaman egindako proiektuak ezagutzeaz gain, etorkizuneko "beharrak eta asmoak" ezagutzeko baliatu zuten bisitaldia agintariek. Horretarako, udal ordezkariekin bilera egin zuten diputatuek, eta jarraian Urkizar txakolindegia bisitatu zuten. "Benetan garrantzitsua da Aldundiak babesa ematea herri txikiei, lurralde oreka gauzatuz, etorkizuneko desafioei denon artean eta elkarri lagunduz aurre egiteko", esan zuen Olanok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide