Urkomeko eta Beizamako udal ordezkariak, etxeak eraikiko dituzten gunearen ondoen. (Ihintza Elustondo)
"Herria biziberritzeko" helburuarekin, hamabi Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko dituzte Beizaman. Beizamako Udalak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak jarri dute martxan proiektua, Bizi Beizaman izenpean. Pello Otaegi Beizamako alkatearen arabera, "biztanleriaren beherakadari" irtenbidea ematea da egitasmoaren helburua: "Gazteei herrian bertan bizitzeko aukera eman nahi diegu, baita inguruko herrietakoei Beizamara etortzeko aukera eskaini ere".
Herriguneko aparkalekuaren ondoko berdegunean eraikiko dituzte etxebizitzak. Bi edo hiru logela, trasteleku propioa, garajea eta baratzea izango dituzte. Proiektuaren sustatzaileen arabera, "berezitasun bat" izango da baratzearena: hain zuzen ere, etxejabe bakoitzak 30 metro koadro inguruko lur eremua izango du, bertan baratzea egin ahal izateko. Urtearen amaierarako etxeak eraikitzen hasteko asmoa dute, eta 2020rako horiek eraikita izango direla aurreikusten dute.
Etxebizitzek babes ofizialeko izaera izango badute ere, oraindik zehazteko dago alokairuan, alokairuan erosteko aukerarekin edo jabetzan eskainiko dituzten. Horretarako, interesatuen iritzia jakin nahi dute sustatzaileek, haien beharrak ezagutzearekin batera joango baitira ezaugarri horiek zehazten. Informazio hori biltzeko tresna gisa, inkesta bat banatuko diete interesatu guztiei, eta, gero, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailari jakinaraziko dizkiote emaitzak.
Izen-ematea zabalik
Interesatuek izena eman dezakete dagoeneko. Horretarako, hainbat aukera daude: 681 045 344 telefonora deitzea,
bizibeizaman@gmail.com helbidera idaztea eta
urkome.eus edo
beizama.eus webguneetan sartzea. Hori bai, Babes Ofizialeko Etxebizitza bat izateko ohiko baldintzak bete beharko dira izena emateko; honako hauek dira baldintzak: beste etxebizitzarik ez izatea jabetzan; Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako herriren batean erroladatuta egotea; 9.000 euro eta 39.000 euro arteko diru sarrerak izatea –iazko errenta aitorpena kontuan hartuta– eta Etxebiden izena emanda egotea.
Yurre Peñagarikano Urkomeko teknikariaren arabera, legealdi honetako proiektua izan da Beizaman etxebizitzak sustatzearena. "Urkomek eta udalak galdeketa bat egin genuen iaz herritarren artean, jakin nahi genuelako etxebizitzak eraikitzeko interes hori ba ote zegoen edo ez. Pare bat hilabetez egin genuen galdeketa, eta ikusi genuen interes puntu hori bazegoela, gazteek behintzat aukera izan dezaten herrian bertan gelditzeko". Era berean, Peñagarikanok gogorarazi du Urkomek lanean jarraituko duela "landa eremuak berpizteko, mantentzeko nahiz sustatzeko", baita herri horietako bizilagunek "beste edozein herritakoek bezalako bizi-kalitatea" izan dezaten ere. "Badakigu eskaintza hau egiten ez bada biztanleria gainbehera etor daitekeela, eta, beraz, behar beharrezkoa da etorkizunera begiratzea".
Proiektua ezagutzera emateko, eskuorriak osatu dituzte; etxebizitzak egingo direla jakinarazteaz gain, Beizamak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman dute bertan. Horrekin batera, sare sozialetan Bizi Beizama orrialdeak sortu dituzte, gazteengana iristeko.