Maia Basurko. (M. B.)
Zer balorazio egiten duzue?
Igandean, bozak zenbatu ondoren, kontuan izanda eguraldiak ez zuela batere lagundu, balorazio positiboa egin genuen. Pozik gaude. Festa egun oso polita izan zen, eta horren gakoa auzolana izan da. Hori ere baloratzekoa eta eskertzekoa da.
Beizama herri txikia eta abertzalea izanik, %50eko parte hartzera ez zarete iritsi. Zergatik?
Uste dugu eguraldiak eragin izugarria izan duela, baina horrez gain badira beste xehetasun txiki batzuk ere, eta emaitzak hausnarketa sakona egitea eskatzen du. Beizama herri txikia eta abertzalea izanik, nola ez zen gerturatu jende gehiago halako galderari erantzutera? Egia da parte hartzea ez dela erdira iritsi, baina oso boto gutxirengatik izan da.
Galdeketaren atarian, adierazi zenuten helburua %50eko parte hartzea lortzea zela, ezta?
Bai, izan ere, prozesu honi babesa emateko eta herritarrek galdeketa begi onez ikusten zuten jakiteko, sinadura bilketa egin genuen irailean. Orduko hartan, guztira, 58 lagunek egin zuten bat galdeketarekin; erroldaren %50 inguruk, hain zuzen ere, eta uste genuen igandean ere antzeko emaitza izango zela. Baina, azkenean, ez gara iritsi, eta hausnartu beharko dugu zergatik.
Eguraldia faktore garrantzitsua izan dela diozu. Adineko jende asko bizi al da Beizaman?
Bai, inguruko baserrietan edadetu asko dago. Adibide bat jartzearren, eguraldi kaskarra den egunetan mezetara ere jende gutxiago doa. Giro txarrarekin, gehiago kostatzen da adinekoak eta sakabanatutako baserrietan bizi den jendea gerturatzea.
Galdeketa loteslea ez izateak zer-nolako eragina izan duela uste duzue?
Printzipioz, horren inguruko planteamendurik ez dugu egin, baina izan daiteke eragin izana. Hainbat jendek pentsa dezake zertarako balio duen herri galdeketa honek eta merezi ote duen.
Beizaman ez ezik, Andoainen eta Bizkaiko 11 herritan egin zituzten igandean galdeketak, eta guztira %13,07ko parte hartzea izan zen. Zer diozue?
Hor, noski, parte hartzearen batez bestekoa egin dute, eta ez da oso erreala datu horri begiratzea. Herri bakoitzak bere errealitatea du, eta batez bestekoa hizpide hartzea ez zait oso zuzena iruditzen. Adibidez, Ibarrangelu edo Andoain, horren herri desberdinak izanik, oso konplexua da horren inguruan balorazioa egitea.
Gure Esku Dago dinamikak beti azpimarratu izan du garrantzitsuena ez dela emaitza, parte hartzea baizik.
Alde horretatik, bitxikeria bezala, gerturatu da jendea guk planteatzen genuen Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? galderari ezezkoarekin erantzutera. Ez dakiguna da independentziaren aldekoak ez direlako bozkatu duten ezezkoa, edo galdera planteatzeko moduarekin ez dutelako egin bat. Gero, boto txuriak ere hainbat espero genituen, baina ikusten dugun aniztasun horren harira, ondo etorriak izan dira horiek ere. Gutxi gora behera, espero genuena izan da.
Uste duzu Katalunian gertatzen ari denak eraginik izan duela igandeko galdeketetan?
Bai. Guk, adibidez, hori nabaritu dugu prestaketetan eta sinadura bilketan. Kataluniako prozesuarekin batera izan da gure lanketa herrian, eta ikusita Kataluniako prozesuak zer dimentsio eta norabide hartu dituen, nabaritu ditugu jendearen artean zalantza, kezka eta beldurra. Eta uste dugu parte hartzean ere eragin duela. Beizaman zenbaiten aldetik kezka eta zalantza sumatu ditugu, bozkatuz gero informazio hori gero nora iritsiko zen beldurra baitzuten.