Beizamako herri galdeketan hautesleen %44,36k hartu dute parte

Ainitze Agirrezabala 2017ko azaroaren 5a

Emaitzari dagokienean "balorazio ona" egin du Beizamak Erabaki taldeak, eta "bihotzez eskertu" die egindako lana eta ahalegina antolakuntzan aritu diren laguntzaile eta parte hartzaile guztiei.

Beizamak Erabaki taldeko kideak botoak zenbatzen, egunaren bukaeran. (Argazkia: Unai Barrutiabengoa) Euskal Herriaren estatus politikoaz herri galdeketa egin dute gaur, igandea, Beizaman. 09:00etan zabaldu dute boto kutxa frontoian, eta 20:00ak arte izan dute irekita. Guztira, %44,36ko parte hartzea izan da; Beizaman erroldatutako 16 urtetik gorako 133 pertsonetatik 59 kidek eman dute boza. 59 botoetatik baiezkoak 53 izan dira; ezezkoak 2; hiru txuriak eta baliogabe bat. Beizamak Erabaki Taldeko kide Unai Barrutiabengoaren esanetan, galdeketa egunaren "balorazio ona" egin dute. "Eguraldiak baldintzatu arren eguna, giro ederrean joan da galdeketa. Antolakuntzan laguntzen aritu diren guztiei eta parte hartzaileei bihotzez eskertu nahi diegu". Honako galderari erantzun diote independentziaz egin duten herri galdeketan: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?. Beizamak Erabaki Taldeko kide Unai Barrutiabengoaren esanetan, goiza “oso lasai” igaro da, eta eguerdi aldera izan da "mugimedu handiena", herri kirolak ikusteko aitzakian jende pixka bat gerturatu baita frontoira. Izan ere, goizeko lehen ordu betean, hautesleen %6ak eman du boza, eta bazkalordura bitartean, 14:00ak artean, alegia, hautesleen %41ek eman dute boza. 17:00etako datuen arabera, berriz, kopurua ez da asko areagotu, izan ere, hautesleen %42ak eman dute boza. Eguraldi hotzak eta bustiak ez ditu atzeratu beizamarrak, eta eguerdi partean giro polita izan da frontoian. Trikitilarien soinu eta pandero hotsek girotu dute eguna, eta herri kirol erakustaldia eskaini dute Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga aizkolariek eta Josu Iparragirre Mendibil eta Jon Beristain harrijasotzaileek. Ondoren, 50 lagun inguruk bertso bazkaria egin dute frontoian bertan, Eneritz Artetxe eta Oier Etxeberria bertsolariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide