Hautesleen erdiek baino gutxiagok eman dute boza arratsaldera bitartean, Beizamako herri galdeketan

Ainitze Agirrezabala 2017ko azaroaren 5a

09:00etan zabaldu dute boto kutxa herriko frontoian, eta 14:00ak bitartean hautesleen %41ek eman dute botoa. Eguerdian herri kirol erakustaldia izan dute, eta, ondoren, bertso bazkaria.

Euskal Herriaren estatus politikoaz herri galdeketa ari dira egiten gaur, igandea, Beizaman. 09:00etarako zabaldu dute boto kutxa frontoian, eta Beizamak Erabaki Taldeko kide Unai Barrutiabengoaren esanetan, goiza "oso lasai" igaro da. Mugimendua eguerdi aldera izan da Beizaman, herri kirolak ikusteko aitzakian jende pixka bat gerturatu baita frontoira. Beizamako herritarrez gain, udal ordezkariek eta Pedro Otaegi alkateak eman dute boza, besteak beste. Nolanahi ere, bazkalordura bitartean, 14:00ak artean, alegia, hautesleen %41ek eman dute boza. Eta 17:00etako datuen arabera gauzak ez dira asko aldatu, izan ere, hautesleen %42ak eman dute boza. Beizaman erroldatutako 16 urtetik gorako 133 pertsona daude deituta gaurko galdeketan parte hartzera, eta honako galderari erantzungo diote: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?. Boto kutxa zabalik izago da 20:00ak arte, frontoian. Eguraldi hotzak eta bustiak ez ditu atzeratu Beizamarrak, eta eguerdi partean giro polita izan da frontoian. Trikitilarien soinu eta pandero hotsek girotu dute eguna, eta herri kirol erakustaldia eskaini dute Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga aizkolariek eta Josu Iparragirre Mendibil eta Jon Beristain harrijasotzaileek. Ondoren, 50 lagun inguruk bertso bazkaria egin dute frontoian bertan, Eneritz Artetxe eta Oier Etxeberria bertsolariekin. Egun tristeari kolore pixka bat emate aldera, gainera, apusturako tartea ere bada Beizaman. Kaxa bat sagar, urdaiazpiko hanka bat eta oilasko parea jarri dituzte erakusgai frontoian. Euro bat ordainduta, sorta bakoitzak zenbat pisatzen duen adierazi behar du apustu egileak. Bakoitzaren pisua asmatzen duenarentzat edo pisura gehien gerturatzen den harentzat izango da produktu bakoitza. Sagar kaxaren pisuaren asmatzaileak Beizamako ostatuan bi lagunentzat otordua irabaziko du. Arratsaldean egitekoak ziren Karta Joku txapelketa, berriz, bertan behera geerta da, jende nahikoa ez delako animatu. Hona hemen Beizamako herri galdeketa eguneko hainbat argazki: [flickr_set id="72157662297024028"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide