Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
09:00etarako zabaldu dute boto kutxa, eta lehenengo ordubetean hautesleen %6ak eman du boza. Beizaman erroldatutako 16 urtetik gorako 133 lagun daude deituta. Frontoian eman ahalko da botoa, 20:00ak bitartean. Egun guztirako egitarau zabala antolatu dute.
Beizaman hasi dira egiten euskal estatus politikoaren inguruko herri galdeketa. Goizean, 09:00etarako zabaldu dute boto kutxa frontoian, eta "pixkanaka-pixkanaka, erritmo lasaian", ari dira herritarrak botoa ematen. Beizamak Erabaki taldeko Unai Barrutiabengoak adierazi du boto kutxa zabaldu eta lehenengo ordu betean hautesleen %6ak eman duela boza. Barrutiabengoaren esanetan, jendea, batez ere, eguerdi aldera gerturatuko dela boza ematera, herri kirola ikusteko aitzakiarekin. Beizaman erroldatutako 16 urtetik gorako 133 pertsona daude deituta gaurko galdeketan parte hartzera, eta honako galderari erantzungo diote: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?. Boto kutxa zabalik izango da 09:00etatik 20:00etara frontoian, eta goiz partean boto mahaian lanean ariko dira Jon Arruti, Maia Basurko eta Luisja Oregi. Arratsaldean, berriz, Iñigo Altuna, Irati Labaka eta Aitor Egiguren egongo dira.
Gaurkoa "jai egun handia" izatea nahi dute Beizaman, eta egun guztirako egitarau “zabala eta oparoa" antolatu dituzte: Goizean zehar, Itzeder eta Txibilter trikitilariak izango dira, eta gaztain erreak jan ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Eguerdian, berriz, 12:30etik aurrera, herri kirol erakustaldia izango da, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga aizkolariekin eta Josu Iparragirre Mendibil eta Jon Beristain harrijasotzaileekin. Ondoren, bertso bazkaria egingo dute, frontoian, 14:00etan hasita. Eneritz Artetxe eta Oier Etxeberria bertsolariak ariko dira kantuan. Honako menu hau dastatu ahal izango dute herritarrek: entsalada, salda, sahieskia parrilan eta postrea. Herri bazkarirako txartelak tabernan daude salgai. Zortzi urte arteko haurrek doan bazkaldu ahalko dute; 8 eta 14 urte bitartekoek nahiz langabetuek 10 euroren trukean; eta, gainerakoek, 15 euro ordaindu beharko dute. Arratsaldean, berriz, 17:00etan, Karta Txapelketa jokatuko dute, punttuan. Opariak izango dira bikote irabazlearentzat.
Urola Kostako ia herri guztietan egin dira galdeketak: 2016ko ekainean Azpeitian, eta Aia ez gainerako herri guztietan joan zen maiatzaren 7an. Beizaman ez ezik, Andoainen ere ari dira herri galdeketa egiten gaur, eta baita Bizkaiko hainbat herritan ere: Galdakaon, Getxon, Otxandion, Erandion, Berangon, Leioan, Mundakan, Areatzan, Atxondon, Elantxoben eta Ibarrangelun.
Hona hemen boto kutxa zabaldu duteneko hainbat irudi: (Argazkiak: Unai Barrutiabengoa)
[flickr_set id="72157690230286536"]