Beizamak Erabaki taldeak irailaren hasieran egin zuen bere aurkezpena. (Argazkia: Beizamak Erabaki)
Euskal Herriko beste hainbat herritan gisan, Beizaman ere herri galdeketa egingo dute etzi, igandea. Urola Kostako ia herri guztietan egin dira galdeketak: 2016ko ekainean Azpeitian, eta Aia ez gainerako herri guztietan joan zen maiatzaren 7an.
Azken uneko xehetasunak "lotzearen faltan, guztia prest" dute etzirako, Beizaman. Hala aurreratu dio Unai Barrutiabengoa (Hernani, 1978) Beizamako bizilagunak Urola kostako Hitzari. Igandekoa "jai egun handia" izango da, eta egun guztirako egitarau "zabala eta oparoa" antolatu dituzte: besteak beste, bertsolariak, trikitilariak, herri kirolak eta bazkaria izango dira.
Beizaman erroldatutako 16 urtetik gorako 133 hautesle daude deituta galdeketara, eta 09:00etatik 20:00etara plazan zabalik izango den boto kutxan izango dute aukera bozkatzeko. Barrutiabengoaren esanetan, bozkaleku bakarra izango da, baina giro txarra bada, frontoian jarriko dute. Beizamarrak adierazi du herri galdeketa "borobil" ateratzeko, guztia antolatzen dozena bat lagun aritu direla. "Esperantza dugu igandeko galdeketan portzentaje txukuna lortuko dugula. Horretarako, ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatu gara, ahoz aho".
Beizamak Erabaki taldeak irailaren hasieran egin zuen aurkezpena, eta orduan jakinarazi zuten herritarrek erantzungo duten galdera:
Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?.
Bestalde, urriaren lehenean, Beizamak Erabaki taldeak azken hilabetean bildutako sinaduren ziurtagiria aurkeztu zien herriko udal ordezkariei. Orduko hartan, guztira, 58 lagunek egin zuten bat galdeketarekin; erroldaren %50 inguruk, hain zuzen ere. Barrutiabengoak herritar denak animatu ditu etzi botoa ematera eta festan parte hartzera.
Hona hemen galdeketa egunerako, etzirako, prestatu duten egitaraua:
Goizean zehar, trikitilariak izango dira, eta gaztain erreak jan ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
12:30. Herri kirol erakustaldia izango da, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga aizkolariekin eta Josu Iparragirre Mendibil eta Jon Beristain harrijasotzaileekin.
14:00. Bertso bazkaria egingo dute. Honako menu hau dastatu ahal izango dute herritarrek: entsalada, salda, sahieskia parrilan eta postrea. Herri bazkarirako txartelak tabernan daude salgai. Zortzi urte arteko haurrek doan bazkaldu ahalko dute; 8 eta 14 urte bitartekoek nahiz langabetuek 10 euroren trukean; eta, gainerakoek, 15 euro ordaindu beharko dute.
17:00. Karta Txapelketa jokatuko da, punttuan. Opariak
izango dira bikote irabazlearentzat.