Euskal Herriko beste hainbat herritan gisan,
Beizaman ere herri galdeketa egingo dute datorren azaroaren 5ean, igandez. Urola Kostako ia herri guztietan egin dira herri galdeketak: 2016ko ekainean Azpeitian, eta Aia ez gainerako herri guztietan joan zen maiatzaren 7an.
Beizamarrei ere iritsi zaie independentziaz herri galdeketa egiteko unea, eta antolakuntza lanetan murgilduta diren honetan, dagoeneko kaleratu dute datorren igandean herrian izango den festa egitaraua. Hain zuzen ere, trikitilariek alaituko dute giroa goiz partean, eta gaztain erreak jan ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Ondoren, herri kirol erakustaldia izango da, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga aizkolariekin eta Mendibil eta Jon Beristain harrijasotzaileekin.
Bertso bazkaria egingo dute 14:00etan, eta honako menu hau dastatu ahal izango dute herritarrek: entsalada, salda, sahieskia parrilan eta postrea. Herri bazkarirako txartelak tabernan daude salgai. 8 urtera arteko haurrek doan bazkaldu ahalko dute; 8 eta 14 urte bitartekoek nahiz langabetuek 10 euroren trukean; eta, gainerakoek, 15 euro ordaindu beharko dute. Bazkalosterako, 17:00etarako, Karta Txapelketa prestatu dute.
Beizamak Erabaki taldeak herritarrei iganderako prestatu dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin die. Herritarrek honako galdera honi erantzun ahal izango diote igandean Beizaman:
Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? 16 urtetik gorako beizamarrek eman ahal izango dute boza herri galdeketan.