Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Beizaman independentziaren inguruko herri galdeketa egingo dute azaroaren 5ean, eta Beizamak erabaki taldeak azken hilabetean bidu dituen sinaduren ziurtagiria aurkeztu die herriko udal ordezkariei. Guztira, 58 lagunek egin dute herri galdeketarekin bat; erroldaren %50 inguruk, hain zuzen ere. Lehenengo fasea amaituta, herri galdeketa prestatzen hasiko dira, eta herritarrei dei egin die prestakuntza lanetan lan egin dezaten eta egunean bertan boza eman dezaten. Ondoren, argazkia atera dute egungo eta lehengo hautetsiek eta hainbat herritarrek, eta hamaiketakoarekin amaitu dute ekitaldia.
Irailaren hasieran egin zuen taldeak bere aurkezpena, eta orduan jakinarazi zuten herritarrek azaroaren 5ean erantzungo duten galdera: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? Ekimena "irekia eta anitza" izan dadila nahi du elkarteak, ahalik eta parte hartze handienarekin "herritar guztien isla" eduki dezan. "Pertsonok eta herriok dugun eskubidea gure etorkizuna erabakitzeko oinarrizko eskubidea da, eta eskubide horren aldarrikapenak batzen gaitu".
Aldarrikapen hori "modu alaian eta baketsuan" egin nahi dute. Hala, azaroaren 5a "jai egun handia" izango dela aurreratu dute, eta, besteak beste, bertsolariak, trikitilariak, herri kirolak eta herri bazkaria izango dira. Hori hala, herritar guztiak animatu dituzte egun horretan botoa eman eta festan parte hartu dezaten. Era berean, herri galdeketaren egunean laguntzeko eta mahaietan egoteko izena eman dezakete herritarrek.