Beizamak independentziaz erabakiko du azaroaren 5ean

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 10a

Honakoa izango da herritarrei egingo zaien galdera: "Nahi al duzu izan Euskal Herri independente bateko herritarra". Erantzun posibleak "bai" ala "ez" izango dira. Adostutako egunean 16 urte edo gehiago dituen Beizaman erroldatutako pertsona orok izango du bere iritzia emateko aukera.

Beizamak Erabaki jaio da, erabakitzeko eskubidearen aldeko taldea. Atzo, irailak 10, agerraldia egin zuten sortu berri den taldeko kideek, beren erronken berri emateko. Duela hiru urte sortu zen Gure Esku Dago herri ekimena, "herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da" mezuarekin. Modu askotako ekimenak antolatu eta egin ditu ordutik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako bide horretan. Beizaman asmo horretan laguntzeko jaio da Beizamak Erabaki: "erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igarotzeko". Subiranotasun edo herri-antolaketa auziak bezalako gaiak "modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte-hartzean sakonduz" bideratu beharko liratekeela uste du Beizamak Erabaki taldeak, "aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, eta erabakiak herritarron borondatean eta nahietan oinarrituz". Gainera, erabakitzeko eskubidearen alde egoteak  jarrera aktiboa eskatzen duela uste du: "Erabakitzeak erantzukizuna, parte hartzea eta protagonista izatea behar ditu bere baitan. Beizamak Erabaki osatzen dugunok ere aldarrikapenetik haratago joan, eta erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu". Horregatik, azaroaren 5ean independentziaz galdetzeko herri galdeketa egingo dute Beizaman. Pausoz pauso Hiru pauso jarraituko dituzte herri galdeketa egunera arte. Aurrena, herri galdeketari babesa erakusten dioten herritarren sinadurak bilduko dituzte. Beizamak Erabakik azaldu duenez, "sinadura ematea izango da herritar bakoitzak proposamen hau babesteko ekintza". 160 biztanle ditu Beizamak, eta horiei guztiei beren mezua helarazi nahi diote, herri galdeketak ahalik eta babesik handiena izan dezan. Behin sinadurak bilduta, azaroaren 5eko herri galdeketa antolatzen hasiko dira. Honakoa izango da herritarrei egingo zaien galdera: "Nahi al duzu izan Euskal Herri independente bateko herritarra?".  Erantzun posibleak "bai" eta "ez" izango dira. Adostutako egunean 16 urte edo gehiago dituen Beizaman erroldatutako pertsona orok izango du bere iritzia emateko aukera. Herri-galdeketa egingo den eguna "erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia" izango dela aurreratu dute Beizama Erabakiko kideek: "Helburu nagusia galdeketa egitea eta ahalik eta parte-hartze handiena lortzea izango da, ez emaitza. Horrekin batera, herri galdeketa jai-giroan egin nahi dugu, egun pozgarria izango delakoan". Askotariko egitasmo eta ekitaldien bidez egingo dute herri galdeketaren aldeko kanpaina, "antolaketa lanean beizamatarren parte-hartzea sustatuz, lan talde irekietan lan eginez". Horregatik, Beizamak Erabaki taldeko kideek dei egin diete herritarrei "erabakitzeko eskubidearen aldeko ekarpen txiki honetan elkarrekin batera lanean jardun dezaten".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide