Gaur inauguratu dute Beizamako araztegi berria

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 27a

Beizamako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak araztegi berriaren aurrean. (GFA) Gaur, osteguna, inauguratu dute Beizamako araztegia, eta han izan dira, besteak beste, Peio Otaegi Beizamako alkatea, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua nahiz Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakari Olatz Peon. Herriko ur zikinak tratatzeko eraiki dute azpiegitura; izan ere, orain arte Nuarbeko Ibai Eder urtegira bideratzen ziren hango ur zikinak, aurretiazko tratamentua egin ostean. Azpeititik Beizamarako norantzan, herriaren sarreran, eraiki dute araztegia. Herriko ur zikinena ez ezik, beste arazo bat ere konpondu dute araztegiarekin: proiektuaren barruan, herriko zenbait gunetako urek saneamendua jasotzea ahalbidetzeko lanak ere egin dituzte. Horrenbestez, aurrerantzean, herriko hainbat tokitako urak ez dira saneamenduko hodi biltzailera bideratuko. Gipuzkoako Foru Aldundia herri txikietako ur saneamendu arazoak konpontzen ari da azken hilabeteotan, eta bide horretan egin dute araztegia Beizaman. 2016ko otsailean hasi zituzten araztegia egiteko lanak, eta dagoeneko martxan da ura tratatzeko gunea. Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendu du proiektua, eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta aldundiak finantzatu dituzte 371.348 euro (BEZ gabe) inguruko lanak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide