Xabier Arruti: "Nabarmentzekoa da azokak sustatzeko egiten ari garen lana"

Ainitze Agirrezabala 2017ko ekainaren 7a

Baserria "etengabeko krisian" dagoela esan arren, garai berrietara "egokitzen" jakin duen sektorea dela dio. Hainbat elkarterekin bildu, eta haien beharrei erantzuten saiatzea du eguneroko ogia.

Xabier Arruti. (Ainitze Agirrezabala) Ekonomia ikasi zuen Bilbon, Sarrikon, eta, gero, Landa Garapenari eta Nekazal Elikagaiei buruzko masterra egin zuen Xabier Arrutik (Beizama, 1968). Ikasketak bukatu zituenetik, "sinesten dudan eta gustatzen zaidan horretan" lana egiteko abagunea izan du. Lehenbizi, Etorlur eta Itsasmendikoi elkarteetako kudeatzailea izan zen, eta duela bi urtetik Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia da. Zer ardura dagozkio zure karguari? Gipuzkoako lehen sektoreari erantzuten diogu, baina baita landa garapenari ere: azpiegiturak, baserri bideak, ur hornidurak, garraioa... Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta udalen artean banatuta daude eskumenak, baina erakunde guztien arteko elkarlana garrantzitsua da oso. Orain bi urte, kargua hartzean, sektoreko elkarteekin bildu ginen, haien kezkak, erronkak eta hutsuneak ezagutzeko, eta horiei erantzuten saiatzen ari gara. Azken bi urteotako zer balorazio egiten duzu? Balorazio positiboa egiten dut. Nik beti esaten dut nekazaritza zuzendariarena dela alkate baten karguaren antz gehiena duen ardura. Jendearekin zuzeneko harreman handia dugu. Hori ona da oso gertutik bizi dugulako errealitatea, baina, aldi berean, pazientzia eta dedikazio handia eskatzen ditu. Beizamako Urki baserrikoa zara izatez. Egun, zer harreman duzu baserri munduarekin? Zuzena. Anaiak eta biok Basatxerri eusko labeleko 130 txerri ditugu jaiotetxean, Urkin. Duela hamar urte inguru, Itsasmendikoiko arduraduna izan nintzen, eta bi proiektu jarri genituen abian: landako oiloen arrautzen ekoizpena eta txerriak libre haztea. Azken proiektu horrek bere garapena izan zuen, eta hortik sortu zen Basatxerri elkartea. Gaur egun, EAEko eta Nafarroako 30 bat ekoizle gara. Baserria eta nekazaritza mundua gainbehera doazela sarri entzun dugu. Zer arrazoi daude krisi horren atzean? Nik erlatibizatu egingo nuke gainbehera hori. Industrializazioarekin, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hasi eta tantaka, landa ingurutik hirira joan zen jendea. Baserriaren exodoa deitu zitzaion. Horregatik esaten da nekazaritza etengabeko krisi estruktural batean dagoela. Eta neurri batean hala da, baina krisiak gertatu direnero nekazaritzak garai berrietara egokitzen jakin du. Garai batean nekazaritza autokontsumorako zen, baina denborarekin baserriak beste dimentsio bat hartu du, eta orain ja merkaturatu egiten da. Horrez gain, nekazaritzaren inguruan jarduera dibertsifikatzeko landa turismoak eta beste hainbat jarduera asmatu dituzte. Bertako produktuen kontsumoa sustatzeko zer neurri hartzen dituzue? Hor nabarmentzekoa da azokak sustatzeko egiten ari garen lana. Landa garapen elkarteekin hitzarmenak ditugu sinatuta, Urkomerekin kasu, eta diruz laguntzen ditugu haien proiektuak. Urola Gustagarri, esaterako, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko Foru Aldundiak lagundutako ekimena da. Horrelako egitasmo dezente ditugu Gipuzkoan. Horrez gain, gizartea sentsibilizatzen ahalegintzen gara, bertako produktuak kontsumitu ditzan. Zein dira etxeko elikagaiak kontsumitzearen onurak? Osasun ikuspegitik, bermatutako produktuak dira, eta zaporeari dagokionez beste kalitate bat dute. Eta jendeak kontzientziatu behar du bertako haragia edo tomatea erosita hemengo baserritarrei laguntzen ari zarela, eta, beraz, Gipuzkoako zure paisaiaren alde lanean ari zarela. Zein dira hemengo produktuen ekoizpena eta landa garapena sustatzeko neurri nagusienak? Batetik, sektoreak lortu behar duena da proiektuak iraunkorrak eta errentagarriak izatea. Horrez gain, garrantzitsua da baserritarrek ekoizten dutena merkaturatzeko sektorea egituratzea, merkatuan produktua posizionatzeko. Azalera handiko supermerkatuak ditugu, eta haiek eskatzen dute produktua urte osoan saltzeko aukera izango dutela bermatzea. Eta hori lortzen da baserritarrak beren artean elkartu eta egituratuta. Zentzu horretan, egun batean batek eskaini ezin duena besteak ematen du. Horren adibide da Basatxerri elkartea. 30 kide gara, eta gure produktua egituratuta dagoenez, Eroski, Super BM eta halako supermerkatuetan sartzeko aukera dugu. Herritarrak kontzientziatuta daude bertako elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz? Oraindik lan asko dugu egiteko. Ahoa betetzen zaigu ikurrina duten eta ‘euskal’ jartzen dieten produktuekin, baina guztioi gustatzen zaigu bidaiatzea, janzteari ere garrantzia handia ematen diogu, eta erosteko garaian azalera handiko saltokietara eta merkera jotzeko ohitura dugu. Zeintzuk dira bertako ekoizpenaren etorkizuneko erronkak? Lur eza eta sailak oso zatituta izatea arazo handiak dira gaur egun. Beraz, erronkak dira lurren kudeaketa, gazte berriak sektorean sartzea eta haiei erraztasunak ematea. Eta hori errentagarritasunarekin erabat lotuta dago. Errazena da sektorean sartuko diren gazte berriak baserritarren seme-alabak izatea, eta horretarako nahitaezkoa da ilusio hori gurasoengandik seme-alabengana edo beste belaunaldiengana transmititzea. Bestela, hondoratzen ari den itsasontzia bezala da. Arratoiak ere ihes egiten ari badira, nor igoko da ontzira? Elikagaien etorkizuna zer-nola ikusten duzu urte batzuetara? Elikadura osasuntsua gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari da, eta jendea ere kontzientzia hartzen ari da. Hemen produktu ona ekoizten dugu, oro har, eta azokak sustatzea ondo dago, baina hor dagoen arriskua da pikarokeria. Murtziatik ekarritako tomateari ikurrina duen etiketa jarri eta produktu hori bertakoa den ala ez ziurtatzen duen kontrol sistemarik ez badago, egundoko iruzurra da hori. Hori da dugun beste erronka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide