Beizamako Lete baserrian filmatu dute Aundiya filma. (David herranz)
Beizamako inguruetan ari dira grabatzen egunotan euskal produkzioen zerrendara gehituko den azken pelikula:
Aundiya. Aitor Arregi eta Jon Garaño dira ekoizpenaren zuzendariak, eta Altzoko pertsonaia ospetsuaren bizitzan oinarritu dira gidoia lantzerakoan.
Altzoko Handia ezizenez ezaguna, Migel Joakin Elizegi (1818-1861) Altzoko Ipintza Zarra baserrian jaio zen (Ipintza Haundi da egun); beste bederatzi anai-arreba zituen. Gaixotasun larri batek eraginda asko hazi zen denbora gutxian. Hala, Europa osoan zabaldu zen gizon handiaren mitoa XIX. mendean. Pertsonaia horren itzala gaur arte iritsi da.
Moriarti Produkzioak etxea ari da egiten pelikula,
Loreak filmaren egileak, hain zuzen. Azken asteotan Beizaman ari da grabatzen lantaldea, eta herriko ostatuan egin dituzte jatorduak. "Asko ari gara nabaritzen grabaketa herrian, mugimendu handia dago", aitortu dute ostatukoek. Joan den asteko ostegun eta ostiralean eta aste honetako astelehen eta asteartean grabatu dute Beizamako Lete baserri inguruan. Datorren astelehen eta asteartean itzuliko dira berriro, ostatukoei aurreratu dienez.
Produkzio taldekoak egunez nahiz gauez ari grabatzen, eta ostatuan egin dituzte otorduak. Gauez lan egin dutenean ogitartekoak eskatzen dituzte atsedenaldietarako. 70 eta 50 lagun inguru aritu dira jardunean.
Herriz herri grabatzen
Aundiya proiektuak bi milioi euroko aurrekontua du, eta 2017an estreinatzea aurreikusten dute Moriartikoek. Grabaketak, berriz, zortzi asteko iraupena izango du, eta Beizamaz gain, honako udalerrietan ere egingo dituzte grabazioak: Irun, Hondarribia, Donostia, Gasteiz, Miarritze, Baiona, Tolosa, Zerain, Ezkio-Itsasoa, Altzo, Zumaia eta Zarautz.