Otañok irabazi du Mindegiaren aurkako aizkora apustua

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko martxoaren 20a

Eneko Otaño beizamarrak irabazi du Mieltxo Mindegiaren kontrako aizkora apustua. Gaur, igandea, jokatu dute desafioa, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, eta minutu eta 26 segundoko abantaila atera du irabazleak. Hamabi kanaerdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar zituzten aizkolariek, eta 41 minutu eta 35 segundoan bukatu ditu lanak Otañok. Mindegiak, berriz, 43 minutu eta segundo bat behar izan ditu. Beizamarra "gustura" dago eginiko lanarekin; "fuerte" hasi da lanean, eta gero "geldialdi bat" egin badu ere, abantailari eutsi dio. "Indarrez hasi banaiz ere, egur gogorrak tokatu zaizkit; eta, ondoren, baju samar ibili naiz tarte batean", azaldu du. Minutu inguruko abantaila izan du beizamarrak ia saio guztian zehar, baina 20 segundu atzetik ere izan du zenbait unetan Mindegia. Beizamako aizkolariaren arabera, aurkariak ere "oso lan ona" egin du, eta "polita" izan da apustua. Bien artean, jendez bete dute Doneztebeko pilotalekua. Xabier Zalduak erronka berria bota dio gaurko desafioaren irabazleari, maiatz ingururako. Larunbatean Azkoitiko Isidro erretegian egongo da zain, tratua ixteko. Dena den, Otañok esan du ez duela apustua onartzeko asmorik: "Udazkenerako balitz, onartuko nuke, baina beste lehentasun batzuk ditut une honetan. Gipuzkoako txapelketa prestatu nahi dut, baita binakako lehia ere", azaldu du beizamarrak. Ibon Errazuren argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide