«Inoiz baino hobeto sentitzen naiz»

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko martxoaren 18a

Doneztebeko Ezkurra frontoian jokatuko dute apustua Eneko Otañok eta Mieltxo Mindegiak igandean. 6.000 euro dituzte jokoan, eta hau da erronka: nork lehenago ebaki hamabi kanaerdiko eta lau 60 ontzako.Apustua aurkariaren etxean jokatuko badute ere, an...

Doneztebeko Ezkurra frontoian jokatuko dute apustua Eneko Otañok eta Mieltxo Mindegiak igandean. 6.000 euro dituzte jokoan, eta hau da erronka: nork lehenago ebaki hamabi kanaerdiko eta lau 60 ontzako.

Apustua aurkariaren etxean jokatuko badute ere, animorik ez duela faltako esan du Eneko Otañok (Beizama, 1994). Izan ere, lagun asko ditu han, eta Azpeititik ere autobusa antolatu dute, beizamarra animatzeko. «Bere territorioa da, baina nik ere babes handia izango dut», azaldu du.

Bi egun falta dira apusturako. Zer moduz sentitzen zara?

Oso sentipen onekin nago, eta gustura egin ditut azken egunetako entrenamenduak. Eguna iristea bakarrik falta da.

Noiz hasi zinen prestaketa lanekin, eta zer entrenamendu saio egin dituzu?

Urtearen hasieran hasi nintzen desafioari begira, beraz, bi hilabete eta erdiko lana izan da. Astean bi edo hiru entrenamendu egin ditut; eta, horrez gain, mendi bueltak ere tartekatu ditut. Jatekoa ere zaindu dut.

Zure bigarren apustua izango da hau. Mieltxo Mindegiarentzat lehena da, ezta?

Mindegiak ere egin zuen apustu bat, baina hau izango da federazioarekin, epaileek kontrolatuta, jokatuko duen lehena.

Mikel Larrañaga azpeitiarraren kontra jokatu zenuen zuk lehen erronka. Esperientzia hartatik ikasi duzu zerbait?

Apustu hura ez zitzaidan oso ondo irten, baina asko lagundu dit proba hau prestatzeko. Orain badakit gauzak nola egin behar diren: nola kontzentratu eta nola antolatu. Alderdi horretatik, behintzat, lasaiago nago.

Mindegia asko ezagutzen duzu?

35 urte dituen arren, lau urte inguru soilik daramatza aizkoraren munduan. Behin bakarrik jokatu dut bere aurka, Bigarren Mailako kanporaketan.

Nola ikusten duzu aurkaria?

Ez dut haren berririk, baina esan didate sasoiz oso ondo dabilela. Ikusmin handia dago; izan ere, Mindegia handiaren semea da, eta jendeak kontuan hartzen du hori. Dena den, oso ondo nago ni ere, eta itxaropena dut lan ona egiteko.

Zer gertatuko da igandean?

Hori ez dago jakiterik eguna iritsi bitartean. Inondik inora ezin dut jakin berak zer maila eman dezakeen, eta zaila da nire egoera bakarrik jakinda espekulatzea.

Apustu bat irabazteko gakoa zein da?

Aurrez ondo prestatzea, eta egunean bertan plazara lasai joatea. Etxean eginiko lana errepikatuz gero, oro har, ondo joango da gauza.

Nola pasatuko dituzu azken egunak?

Asteazkenean egin nuen azken saio luzea, eta orain lasaiago ibiliko naiz. Gaur mendi buelta bat emango dut, eta bihar atseden eguna izango da. Egin beharrekoa eginda dago jada.

Igandeko lanak egin izan dituzu entrenamenduetan. Zure buruari eskatzen zeniona lortu duzu?

Bai. Une honetan inoiz baino hobeto sentitzen naiz. Entrenamenduak ere onak izan dira, eta ikuspegi onarekin noa.

Apustuaren ondoren, zer?

Irabaziz gero, irtengo dira erronka gehiago ere. Bestela, txapelketak prestatuko ditut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide