Araztegia egiten ari dira Beizaman, bertako ur zikinak tratatzeko

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 17a

Duela hiru aste hasi zituzten lanak, eta hiru hilabeteren buruan bukatzea aurreikusten dute. Orain arte, Nuarbeko Ibai Eder urtegira zuzenean bideratzen zituzten Beizamako ur zikinak.

Jasa hasi dituzte araztegia egiteko lanak. (Janire Ugartemendia) Duela hiru aste hasi zituzten Beizaman ur zikinak tratatzeko araztegia eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua zuzentzen, baina Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin hitzarmena sinatu zuen aldundiak, eta proiektua bi erakundeek finantzatuko dute. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urakeko ordezkariak dioenez, "aldundia eta ur kontsortzioa herri handietako ur saneamendu arazoei irtenbideak ematen aritu dira, eta lan horiek bukatuta, herri txikiei eta auzoei ireki diete bidea". Beizama da herri txiki horietako bat; izan ere, orain arte Nuarbeko Ibai Eder urtegira bideratzen ziren hango ur zikin guztiak, zuzenean edo aurretiazko tratamendua egin ostean. Hori dela eta, Beizamako proiektuari "lehentasuna" eman dietela dio Zubizarretak. Hala ere, azaldu du, Beizamatik Ibai Eder urtegira bideratzen den ur kantitatea ez dela handia eta ez diola askorik eragiten urtegiari. Aurrerantzean, bertan Ur-araztegi berria egiteko lanak hiru hilabeteren barruan bukatzea aurreikusten dute. Azpeititik Beizamarako norantzan, herriaren sarreran, ari dira araztegia eraikitzen. Lanek 371.348 euroko (BEZ gabe) aurrekontua dute, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak jakinarazi duenez. Proiektuaren barruan, gainera, herriko zenbait gunetako urek saneamendua jasotzea ahalbidetzeko lanak ere egingo dituzte. Zubizarretak dioenez, orain herriko hainbat tokitako urak ez dira saneamenduko hodi biltzailera bideratzen: "Tabernako, udaletxeko eta beste hainbat lekutako urak araztegi berrira bideratuko ditugu aurrerantzean. Orain, toki horietako eta beste batzuetako urek aurretiazko tratamendua jasotzen dute hobi septiko bidez, eta gero bideratzen dira Nuarbera. Beizaman, egun, denetik dago: toki batzuetako urak hobi septikotik pasatzen dira, beste batzuetakoak errekara doaz zuzenean, beste batzuk zelaira...". Horrenbestez, arazo horri ere irtenbidea emango dio ur-araztegi berriak. Aian ere bai Beizaman ez ezik, Aian ere araztegia egiteko lanak hasi dituzte dagoeneko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide