Otañok eta Mindegiak apustua jokatuko dute martxoaren 20an

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 12a

(E. Albizu Lizaso) Beizamako Eneko Otaño eta Zubietako (Nafarroa) Mieltxo Mindegiak aizkora apustua egin dute datorren martxoaren 20rako. Joan den larunbatean itxi zuten tratua kirolariek, Donezteben (Nafarroa), eta udalerri horretako pilotalekuan izango da nafarraren eta gipuzkoarraren arteko norgehiagoka. Lanei dagokienez, hamabi kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu beharko dituzte aizkolari gazteek. Apustuko baldintzak zehazterakoan, desadostasunak izan zituztela azaldu du Eneko Otañok. Beizamakoak kana-erdikoekin soilik jokatu nahi zuen erronka, eta Mindegiak 10 kana-erdiko eta sei 60 ontzako egurrak eskatzen zituen. Dena dela, bien eskarien artean, tarteko akordiora iritsi dira. Oraindik ez dute zehaztu sarrerak zer preziotan, non eta noiz jarriko dituzten, baina horren berri ere laster emango dute.

Lehia estua

Erronka estua izango da nafarrak eta gipuzkoarrak martxoaren 20an jokatuko dutena. Eneko Otaño beizamarrak 21 urte ditu, eta 2014an jokatu zuen aizkolariak bere lehen apustua, Mikel Larrañaga azpeitiarraren kontra. Ordutik ez du halako erronkarik egin, eta zubietarraren aurkakoa izango da hurrengoa. Euskal Herriko bigarren mailan dago Otaño, eta Gipuzkoan ere bigarren mailan jokatzen du. Mieltxo Mindegia ere Euskal Herriko bigarren mailan lehiatzen da, eta Nafarroako lehenengoan. 34 urte ditu, eta Mikel Mindegia aizkolari historikoaren semea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide