2016ko udal tasetan zenbait aldaketa egin ditu Beizamako Udalak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 25a

2016ko udal tasak onartu ditu Beizamako Udalak, joan den astean eginiko ohiko udalbatzan. 2015eko tasak mantenduko dituzte, hein handi batean, baina zenbait aldaketa iragarri ditu udal gobernuak.

2016ko udal tasak onartu ditu Beizamako Udalak, joan den astean eginiko ohiko udalbatzan. 2015eko tasak mantenduko dituzte, hein handi batean, baina zenbait aldaketa iragarri ditu udal gobernuak. Batetik, herritarrek kuota bat ordaindu beharko dute gorpuzkiak hilerriko hobietatik atera nahi izanez gero. Udal langileak arduratzen dira zeregin horretaz, eta orain artean doakoa izan da zerbitzua. Halere, hemendik aurrera, orduko 25 euro ordaindu beharko dituzte hilotzak lurpetik ateratzeko. Bestalde, basobideen erabileraren gaineko zerga ere gehitu du Beizamako Udalak. Lehen ez zen ordaintzen kuota hori, eta 50 eurokoa izango da aurrerantzean.

Berotze zerbitzua

Beizamako Udalak ez du garbi berotze zerbitzu zentrala mantenduko duen edo ez. Irune Etxeberria udal zinegotziak azaldu duenez, pellet bat erabili izan dute orain artean udalerrian etxebizitzak berotzeko. Zerbitzua etetea erabakiz gero, hari dagozkion tasak kendu egingo lituzkete. Hala ere, ez dute zehaztuko datu hori pelleta kendu edo ez erabakitzen duten bitartean. Gainontzeko esparruetan, 2015eko ordenantza jarraituko du erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide