Aurreneko aldiz pintura lehiaketa egingo dute Beizamako San Pedro jaietan, ekainaren 28an. Hala erabaki du jai batzordeak, eta ekainaren 25a arte eman daiteke izena txapelketa horretan. Irabazleak 200 euroko saria izango du, eta honako helbide elektronikora idatzi behar da proban parte hartzeko: beizamakofestak@hotmail.com.
Festa batzordeak zehaztu ditu lan ildoak: trikuharriak eta euskal mitologia gaiak landu beharko dituzte margolariek lehiaketan. 11:00etan hasiko da, eta bost orduko epea izango dute lanerako, 16:00ak arte. Teknika librea erabili dezakete parte-hartzaileek. Beizamako jai batzordeak gaineratu du margolariek beraien materiala eraman beharko dutela, bastidore gogorra eta tela, esate baterako. Lanaren neurriak 81 zentimetro eta 65 zentimetrokoak izan behar du. Irabazlearen koadroaren jabetza udalarentzat izango da, eta erakundeak eskubidea izango du hura erabiltzeko, egilearen izen-abizenak aipatuta.
Ordu berean hasiko da azoka ere. 11:00etan hasi eta eguerdira bitartean salgai izango dira herriko produktuak. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturako artisauak ere San Pedro jaietan izango dira.