Mikel Garmendia gudaria hil da

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 1a

Mikel Garmendiari Beizaman eginiko omenaldia (E. Albizu Lizaso) Ehun urte eta hamaika aldarrikapenen ostean, Mikel Garmendia Beizamako gudaria hil da bart gauean. Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen Garmendia, 1915eko apirilean, eta Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzan igaro ditu azken bi urteak. Ostegunetik zuten, bereziki, zaintzapean egoitzan. San Martineko kideek azaldu dutenez, "pertsona handia" izan da beraientzat. "Bere momentua iritsi zaio, eta borobila izan da, familiaren eta ingurukoen babesa lagun izan baitu", esan dute. Maiatzaren 23an egin zioten omenaldia Garmendiari, senideek, herritarrek, lagunek eta politikariek, eta egun hartatik emozioz gainezka egon da hura. "Gudaria izan da beti, eta gudari bezala hil da", azaldu dute egoitzakoek. Bihar, asteartea, egingo dute hileta ospakizuna, 17:30ean, Beizamako San Pedro parrokian.

Indar handiko bizitza

Goierrin bertan eman zion hasiera bere ibilbide politikoari ordiziarrak, Eusko Langileen egunkaria saltzen, hain zuzen. 1936an, 21 urte zituela, Ordiziara sartu zen Fronte Nazionala, eta Intxarkudia bataloiko kide egin zen bera. Harrezkero, ez dira gutxi izan Garmendiak bizitako pasadizoak, ezta Euskal Herriaren alde eginiko lana ere. Torrelavegako (Kantabria, Espainia) bidean atxilotu zuten gudaria, eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Dueson eta Larrinagan egon zen preso. Ia bi urte igaro zituen egoera hartan, heriotza zigorrera kondenatuta. 1939an heriotza zigorra kendu zieten euskal preso guztiei, eta Alcala de Henaresko (Madril, Espainia) kartzelara eraman zuten, 1943a bitartean. Handik irtetean, Afrikara eraman zuten soldadutza egitera, Bigarren Mundu Gerra bete-betean. Soldadutza bukatzean ere, morroi gisa lana egitea suertatu zitzaion, Valle de Los Caidos-en. Herrikide batek lagundu zion handik irteten: Andres Arana ordiziarrak. Hark eman zion lana bere enpresan, Andaluzian, Bilore xaboi lantegian. Dokumentazio faltsuarekin egin zuen Valle de Los Caidosetik handik ihes, Pablo Aguado Martinen izenpean. Urteak igaro zituen Andaluzian bizitzen, eta 54 urte zituela bueltatu zen Euskal Herrira. Haren bizitzaren inguruko xehetasun gehiago dituzue erreportaje honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide