Mende bateko istorioak, historia eginda

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 12a

Mikel Garmendiak 100 urte bete ditu apirilean, eta hamaika istorio ditu Euskal Herriari kontatzeko. Gudan, presondegian, Tarifan, Valle de Los Caidosen, Malagan... toki bakoitzean utzi du aztarna Beizamako gudari ordiziarrak.

(E. Albizu Lizaso) Kafe hutsa hartzen du Mikel Garmendia Olaziregik (Donostia, 1915), nolabait, oroitzapenez betetako burua orekatzeko. Donostian jaioa, lau urterekin Ordiziara joana, eta Espainiako estatuko hamaika txokotan izana. Goierritarra da bihotzez Garmendia, han eta hemen ibili bada ere. Mendea bete berri du Beizaman bizi den ordiziarrak, eta urteak baino istorio gehiago daramatza soinean. Gerra, kartzela, soldadutza, Valle de Los Caidos deritzon infernua eta Andaluziako bizitza ezagutu zituen, besteak beste. Azken urteetan oroitzapen bat du, bereziki, oso presente buruan eta ahoan. Hala diote ingurukoek, eta berak ere sarri-sarri ekartzen du gaia: gerran galdu zuen kide andoaindarra. Edozer elkarrizketatan oroitzen da gudari hartaz. Lagun hura pertsona "beldurrik gabea, argia eta ausarta, benetan ausarta" zela dio Garmendiak behin eta berriz. Hura aipatzearekin batera, "zorteko gizona" dela dio, bere buruaz ari da; gudan eta bizitzan "zorionekoa" izan dela nabarmendu nahi du. Gerrak eta garai hartako istorioek toki berezia dute Garmendiaren oroitzapenetan. "Gizonak elkar akabatzen ikusi ditut nik, elkar akabatzen", dio argi. "Tiroak entzuna naiz, ondotik ere pasatu izan zaizkigu guri. Gerraz ari garenean, bizitzaz ari gara", ezin du ahaztu. Eusko Langileen egunkaria saltzen hasi zuen bere ibilbide politikoa Garmendiak, Ordiziako eta Beasaingo kaleetan. ELAren aitzindaria da erakunde hori. 1936an, ordea, Ordiziara sartu ziren Fronte Nazionaleko kideak, eta orduan erabaki zuen Garmendiak eusko gudariekin bat egitea. Beraz, Intxarkudia bataloiko kide egin zen.

Heriotza zigorra

Urtebete igaro zuen gudan, eta frankistek atzeman zuten Torrelavegako (Kantabria, Espainia) bidean. Atxiloketaren ostean, heriotza zigorrera kondenatu zuten ordiziarra, eta Dueson eta Larrinagan egon zen preso. Heriotza zigorra, hori ere ahazteko zaila den gogorapena da Beizaman bizi den ordiziarrarentzat: "Heriotza zigorrarekin ia bi urte egin nituen, hori ezin da ahaztu". Ajuriagerra eta Rezola kideak oroitzen ditu Garmendiak garai hura ukitzean. Harekin egon zen presondegian Jose Mari Azkarraga Lurgorri ere, EAJren ikasle sindikatuari izen ematen dion gizona. "Oso momentu gogorrak" izan ziren haiek Garmendiarentzat: "Aurretik jakiten genuen nor eramango zuten, eta ezin genuen ezer egin". Hori dela-eta, beraien unea noiz iritsiko, "beldurrez", zain egoten ziren ziegan. Presondegiko hamaika oztopoen artean, komunikatzea ere oso zaila zen horma haien artean. Amari idazten ere ez ziotela uzten kontatu du Beizamako gizonak, penaz. 21 urterekin utzi zuen etxea, eta hura izan zen ama azken aldiz ikusi zuen unea: "Ez nuen ama gehiago ikusi", oroitzen du oraindik sentimendu handiz. 1939an heriotza zigorra kendu zieten euskal preso guztiei, eta indultua irailean iritsi zitzaion Garmendiari. Handik, Alcala de Henaresko (Madril, Espainia) kartzelara eraman zuten, eta ez zen aske gelditu 1943ra arte; 28 urte bete zituen arte. Presondegitik irtetean, gainera, soldadutza egitera behartu zuten, gerra garaian ez zituelako "betebeharrak" egin. Nora, eta Afrikara bidali zuten Garmendia.

Afrikan soldadu

"Afrikan gogorra zen egoera, ez genuen lo egiteko tokirik, eta zuloak egiten genituen lurrean gaua pasatzeko", azaldu du ordiziarrak. Tarifan pasatutako egunak oroitzen ditu ondoen Garmendiak: "Nik ikusi dut hegazkinek nola bonbardatu dituzten inguruak, nola hil duten jendea". Garai hartan, Bigarren Mundu Gerrak bete-betean harrapatu zuen Garmendia, eta kontatzen du denak Alemaniaren aurka zeuden bitartean, beraiek "erdi-erdian" aurkitzen zirela. "Gibraltar jo zuten ni Tarifan nengoela; izan ere, Afrika konkistatzeko giltza hura zen". Tarifaz gain, Ceuta ere buruan du Garmendiak: "Lekale gogor, txiki eta nazkagarriak ematen zizkiguten jateko". "Gose handia" pasatu zutela ziurtatu du Garmendiak, haien artean baziren "platano azalak jaten zituztenak" ere. Tetuanera eta Tangerrera (Maroko) ere eraman zuten soldadutza garaian.

Valle de Los Caidos

Hurrengo geltokia, ordea, ez zen gozoagoa izan. Frankismo garaian Valle de Los Caidos bezala izendatutako tokira, Madrilera, eraman zuten gudaria. Lana gogotik egin zuten han ere, morroi gisa, baldintza kaskarretan. Ospitale bat egin zutela azaldu du ordiziarrak: "Lana nola egiten genuen oroitzen dut. Eta jendea jaiak pasatzera etortzen zela, aberatsak denak. Ukiezinak ziren haiek". Hala ere, handik irteteko laguntza izan zuen Beizamako bizilagunak. Andres Arana ordiziarrak bisitatu zuen, eta esan zion lana emango ziola bere enpresan, Bilore xaboi lantegian. Dokumentazio faltsuarekin egin zuen handik ihes, Pablo Aguado Martinen izenpean. "Madrilgo pentsio batean egon nintzen ezkutatuta lehendabizi; eta, ondoren, Malagara joan nintzen lanera". Malagan (Andaluzia, Espainia) ezkondu zen, eta han jaio ziren bere bi alabak. Hala kontatu du Begoña Garmendia gudariaren alabak: "Euskaraz ez genekien arren, ia jaio orduko ikasi genuen Euskal Herriak askea behar zuela". "Euskal Herrira begira" bizi zen Garmendia, eta beti izan zuen «herrimina». Gezurra badirudi ere, guardia zibil batek lagundu zion Malagatik etxera itzultzen Garmendiari. "Txorienganako maitasuna" konpartitzen zuten bi gizonek, eta lagunak egin ziren Fuentepiedran. Hari egia kontatu zion bere identitateari buruz, eta paperak berreskuratzen lagundu zion agenteak. 1970ean Garmendiak aukera izan zuen Bilorek Zaldibian (Gipuzkoa) zuen fabrikan lanean hasteko, eta Euskal Herrira itzuli zen familiarekin. 33 urteren buruan iritsi zen, beraz, Garmendia Oridiziara. 54 urte zituen berak orduan. Etxera itzuli, eta aita aurkitu zuen bertan. Gerrara joan zenetik elkar ikusten zuten lehen aldia zen. Baina ama falta zen. Gutun bidez jakin zuen Garmendiak ama hil zitzaiela, Malagan bizi zen bitartean. 21 urterekin eginiko agur hura izan zen azkena.

Historia izan dadin

100 urteren ostean, asko bizi izan du Garmendiak. Hala ere, kezka bat badu: "Gustatuko zitzaidakeen buruan ditudan gauza guztiekin liburu bat idatzi izana, apurka-apurka dena ahaztu egiten baita. Damu horixe dut". Burua oso argi du oraindik: "Ahanztura egiaren laguna da, eta urteek ez dute barkatzen". Bien bitartean, omenaldia egingo diote Beizaman hilaren 23an, larunbatean. Bertan oroituko dituzte Mikel Garmendia gudariaren istorioak, historia eginda.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide