Beizamako bi herri plataformek hautagaitza bakarra aurkeztu dute

Nerea Uranga 2015eko apirilaren 23a

Aurrena Beizamak eta Beizama Baik bat egin dute, eta Aurrena Beizama Bai osatu dute. Besteak beste, adostu dute bi urtetik behin alkatetza txandakatzea«Prozesu natural baten emaitza da» Beizaman herriko bi herri plataformek bat egin, eta datozen udal...

Aurrena Beizamak eta Beizama Baik bat egin dute, eta Aurrena Beizama Bai osatu dute. Besteak beste, adostu dute bi urtetik behin alkatetza txandakatzea

«Prozesu natural baten emaitza da» Beizaman herriko bi herri plataformek bat egin, eta datozen udal hauteskundeetarako haugai talde bakarra aurkeztea. Hala esan du gaur egun Beizamako alkate den Begoña Garmendiak. Aurrena Beizama Bai (ABB) izena hartu du hautagaitzak: Aurrena Beizama eta Beizama Bai herri plataformen batura da.

Azken bi-hiru asteetan bi herri plataformetakoek bilerak egin dituzte, eta ados jarri dira elkarrekin aurkezteko.

Azken agintaldian Beizamako Udalean izan duten lan dinamikaren segida bezala ikusten du Garmendiak: «Udalean erabakiak aho batez hartu ditugu. Agintaldia bukatzera doanean, aurrera begira elkarrekin aritzea ezinbestekoa ikusi dugu».

Aurrena Beizamaren izenean da alkate Begoña Garmendia. 2011ko udal hauteskundeetan bi herri plataformek boto bakarreko aldea izan zuten: Aurrena Beizamak 62 boto eskuratu zituen (hiru zinegotzi lortuz) eta Beizama Baik 61 boto (bi zinegotzi). PPk ere hautagaitza aurkeztu zuen, baina botorik ez zuen jaso.

Aurrena Beizama Bai herri plataforma osatzeko, bi herri plataformak banatzen dituena alde batera utzi eta batzen dituena lehenetsi dute. Nabarmena izan da lan hori egiteko egindako batzarretako parte hartzea ere: «Bilera batzuetan hogei lagun inguru elkartu gara. 165 biztanleko herri txikia gara, eta denon artean ahalegin bat egin behar dugu herria aurrera ateratzeko». Eskualde mailan Beizamak bere presentzia izan dezan lan egiteko prest daude, Beizamak herri bezala aurrera egin dezan. Herri plataforma bezala aurkezteko 11 herritarren sinadurak biltzearekin nahikoa dute. Garmendiak ez daki zenbat bildu diren, baina gehiago izan dira.

Beizamako Udalean nola lan egingo duten ere adostu dute: esaterako, alkatetza txandakatuko dute. Aurrena Beizamako ordezkariak bi urte egingo ditu, eta Beizama Baikoak beste bi. Bost hautetsik osatzen dute udalbatza, eta alkatetza daukan taldeak ez du gehiengorik izango. «Alde desberdinen artean adostasunera iritsi beharko dela erabaki da, aurrera ateratzeko bidea denon artean erabakiz».

Maiatzeko udal hauteskundeetarako bi hautagaitza aurkeztu dira Beizamako Udalerako: Aurrena Beizama Baiz gainera, PSE-EEk ere hautagai taldea aurkeztu du; Javier Garcia Olazabal da alkategaia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide