Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aktak euskaraz bidaltzeagatik zabalik dauden auzietan demandatu gisa pertsonatzen hasi da Eusko Jaurlaritza, eta Beizamaren kasuan egin du lehenengo urrats hori. Udalak hala eskatuta erabaki du jaurlaritzak auzian parte hartzea, gaia «interes orokorrekoa» delako.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du dokumentuak euskaraz idatzi eta bidaltzea «erabat legezkoa» dela, eta jaurlaritzak hizkuntza politikako eskumena duela argudiatu du. Hori hala, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiari zuzendu zaio Jaurlaritza, Beizamaren kontrako auzian Gasteizko Gobernua demandatzaile gisa pertsonatzea onar dezan.
2015eko urtarrilean jaso zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak Beizamako Udalaren gutuna, eta horren bidez Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Beizamako Udalaren aurka jarritako helegitearen berri eman eta jaurlaritzari eskaera ofiziala egin zion auzi judizialean pertsonatu zedin. Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Beizamak eta beste udal batzuek agiriak euskaraz bidaltzeagatik salatu zituen, baina legez euskara eta gaztelera parean daudela eta bi hizkuntzetako edozein erabili daitekeela esan du Baztarrikak, biak direlako ofizialak: «Estatutuak ofizialtasun betea ezarri zuen. Euskara erabil daiteke gaztelaniaren makulurik gabe».