Beizamako Udalak aktak euskara hutsean bidaltzen jarraituko du aurrerantzean

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 23a

Aktak euskaraz bidaltzeagatik  helegitea jarri dio Beizamako Udalari Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko delegatuak. Duela aste batzuk jakin zuen berria Begoña Garmendia Beizamako alkateak, eta «eraso larria» dela salatu du. Haren arabera, «euskararen aurkako erasoa» ez ezik, Beizamakoa bezalako udal txiki batentzat, «arazo ekonomikoa» ere bada Urkijoren eskaria. Hori dela-eta, Beizama eta helegite bera jaso duten Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko beste hamar udalerrik adierazi dute orain arte bezala jarraituko dutela lanean, hau da, udal agiriak euskaraz bidaltzen segituko dutela. Urteko batzarra egin zuen Uemak larunbatean Zumaian, eta han jakinarazi zuten erabakia udalek, mankomunitatearen babesarekin. Uemak adierazi zuenez, helegiteak jaso dituzten udalek bi aukera dituzte: orain arte bezala jarraitzea, eta zuzenbideko gastuei aurre egitea, edo aktak itzultzeko dirua jartzea, beraien aurrekontuetatik tiraka. Beraz, bi moduetara, «gastua» ekarriko dute helegiteek, mankomunitateak azaldu duenez. Legezko erabakia Urkijoren helegiteari buruz mintzatzean, Beizamako alkateak azaldu du udal agiriak Espainiako gobernuko delegaritzara bidaltzeko eskatzen duen lehen aldia dela hau: «Eskubidea dauka aktak galdegiteko, legeak ematen diolako eskumen hori, baina oso arraroa izan zen eskaera, inoiz ez baitugu horrelako agindurik jaso». Hala ere, argi dauka «erabat legezkoa» dela aktak euskaraz egitea. Izan ere, haren hitzetan, estatuaren erakunde lokalei buruzko araudian, «argi» esaten du aktak tokian tokiko hizkuntza ofizialean edo gaztelaniaz egin daitezkeela. Garmendiaren arabera, ordea, «legea alde izan arren» ezin dute zehaztasunez jakin helegitearekin zer gertatuko den, «suertatzen den epailearen menpe» sentitzen baitira. Beizama, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herria izateaz gain, «ehuneko ehunean euskalduna» den udalerria dela nabarmendu du alkateak. «Herritar guztiek euskaraz hitz egiten dute gurean, eta kanpoko jendea etorri denean, udaletik lagundu izan diegu euskaraz ikasten», esan du. Beraiek «den-dena» euskaraz egiten dutela azaldu du, eta horregatik uste du «hizkuntzaren ofizialtasunaren aurka» doala helegitea. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezin badugu euskara erabili, zertarako da hizkuntza?», galdetu dio Espainiako Gobernuari. Interpretazio bakarra izan dezake gertatutakoak Garmendiarentzat; haren arabera, Urkijoren atzetik «gobernu oso bat» dago, «estrategia batekin», eta Espainiako herritarrak «gustura» egon daitezen ari dira ematen horrelako pausoak. Jaurlaritzari babes eske Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren babes «eskasia» ere nabarmendu du Beizamako alkateak. Izan ere, erakundeak txosten bat soilik helarazi die udalei, beraien jarduna «legezkoa» dela baieztatzeko: «Guk babes eraginkorra behar dugu, ez da nahikoa teknikari batek eginiko txostena aurkeztea. Txostena ondo dago, eta eskertzen dugu, baina defentsa sendoagoa nahi genuke». Garmendiak uste du «behar-beharrezkoa» dela Jaurlaritzak urrats «politikoak eta judizialak» egitea. Bitartean, Uemak ezarritako irizpideei jarraituko die Beizamako Udalak, eta larunbatean Zumaian eginiko bileran harturiko erabakiari «tinko» eutsiko diote. Hala ere, Garmendiak badaki ondorio larriak izango dituela auziak, euskarari dagokionez eta aurrekontuei begira jarriz gero ere bai. «Bi ondorio aurreikus ditzaket: lehena, agerikoena, ekonomikoa da: ez dakit nondik atera dezakegun dirua Urkijoren helegiteei erantzuteko. Ezin dugu horrelako kontuengatik herritarren diru kopurua murriztu», argudiatu du. Bestetik, euskararen ofizialtasun ezak kezkatzen du alkatea, Urkijoren helegiteek aditzera ematen baitute «izapide administratiboetarako hizkuntza» gaztelania dela, eta ez euskara: «Gertatzen ari dena pentsaezina da udal demokratiko batean. Bide honetatik jarraituz gero, frankismoaren garaietara hurbilduko gara, dagoeneko gerturatzen ari gara».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide