Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erraz irabazi du Mikel Larrañaga azpeitiarrak Eneko Otaño beizamarraren aurkako aizkora apustua. Gaur arratsaldean 650-700 lagun inguru bildu da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, han izan dira herri kiroletako izen handiak ere, besteak beste, Olasagasti, Arria eta Goenatxo. Larrañagak bere lana 45:50ean bukatu du; Otañok, berriz, 49:38an.
Beizamarrak enbor bateko abantaila zuen lana egiteko orduan, baina azpeitiarrak bukaeran bi enborren aldea atera dio.
Egindako lanarekin gustura gelditu da Larrañaga, "ondo eta gustura jardun dut". Fuerte samar hasi dela esan du, "ahal den azkarrena aldea kendu nahian, gerorako utziz gero berandu izan daitekeelako". Ondo eta gustura: "Bestelakoak ere izaten direlako". Frontoian jende asko bildu izanak "animoak" ematen dituela esan du. Orain, urtea bukatu artean pare bat erakustaldi baditu, baina gainontzean atseden hartuko du: "Urtarrilean hasiko gara berriro binakakoa-eta prestatzen, geldirik ere denbora askoan ezin baita egon".
Otaño ere gustura hasi da, baina hasieratik gehitxo egin ote duen gelditu da: "Heltzera irten naiz, baina agian gehitxo jo dut". Larrañagak "lan handia" egin duela esan du Otañok: "Txapeldun handi bat dela erakutsi du". Frontoira apustua ikustera joandako jendeari eskerrak eman dizkio beizamarrak.