Larrañaga eta Otañoren aizkora apustua jokatuko da larunbatean Azpeitian

miriam tamayo 2014ko azaroaren 27a

Eneko Otaño beizamarrak Mikel Larrañaga azpeitiarrari botatako aizkora apustua larunbatean izango da, 18:30ean, Azpeitiko Izarraitz Pilotalekuan. Bi aizkolariek lehenengo aldiz hartuko dute parte aizkora apustu batean. Apustua herriko zezen plazan egitea pentsatu zuten hasieran, baina pilotalekua herritarrentzat leku «erosoagoa» dela iritzita, bertan egingo dute: «Egia da zezen plazak beste xarma bat duela, baina eguraldi txarra dela-eta, pilotalekuan jendea erosoagoa sentituko dela pentsatu dugu», argitu zuen Eneko Otañok ekitaldiaren aurkezpenean. Otañok hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako ebaki beharko ditu eta, Larrañagak, berriz, hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarri ditu apusturako; alegia, kopuru horixe jokatuko du kirolari bakoitzak. Ibilbideko apustulariak Apustua Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren kontrolpean egingo da, eta sarrerak salgai daude hainbat lekutan, 30 eurotan: Azpeitian Mendizabal jatetxean eta Pastorkua kafetegian eros daitezke; Azkoitian, Isidro erretegian eta Aizpurutxoko Etxaniz tabernan erosteko aukera dago. Apustuaren egunean ere sarrerak salgai jarriko dituzte apustua hasi baino ordubete lehenago, pilotalekuan bertan. Larrañagak Lehenengo Mailako Gipuzkoako Txapelketa eta Bigarren Mailako Euskal Herriko Txapelketa irabazi ditu aurten eta, Otaño berriz, Bigarren Mailako Gipuzkoako Txapelketan hirugarren sailkatu da eta Euskal Herriko Txapelketan laugarren geratu zen. «Nahiko ondo prestatu gara apustu honetarako. Ahal dugun guztia egingo dugu eta, ahal baldin badugu, irabazi egingo dugu», azpimarratu zuen Larrañagak. Otañok ere bere burua «ondo» ikusten duela esan zuen: «Larunbat honetako apustua erronka bat da niretzako. Ahal dudan lan guztia egingo dut. Jendea gustura egotea lortu nahi dugu». Bi aizkolariek herriko eta inguruko jendea gonbidatu zuten apustura joatera: «Inguruko jende gaztea etorriko denaren itxaropena daukagu, nahiz eta San Andres bezpera tokatzen den», adierazi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide