Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra apustuaren aurkezpenean. (Miriam Tamayo/Hitza)
Eneko Otaño beizamarrak Mikel Larrañaga azpeitiarrari botatako aizkora apustua azaroaren 29an izango da 18:30ean, Azpeitiko Izarraitz Pilotalekuan. Bi aizkolariek lehenengo aldiz hartuko dute parte aizkora apustu batean. Antolatzaileek diotenez, apustua herriko zezen plazan egitea pentsatu zuten baina pilotalekua herritarrentzat leku "erosoagoa" dela eta bertan egitea adostu dute: "Egia da zezen plazak beste xarma bat duela baina eguraldia txarra dela eta, pilotalekuan jendea erosoagoa sentituko dela pentsatu dugu" argitu zuen Eneko Otañok.
Eneko Otañok hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako ebaki beharko ditu eta Larrañagak berriz, hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztea egin beharko du. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarri ditu aposturako eta kopuru hori izango da bakoitzak jokatuko duena.
Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetan
Apustua Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren kontrolpean egongo da eta sarrerak salgai daude dagoeneko 30 eurotan: Azpeitian Mendizabal jatetxean eta Pastorkua kafetegian erosi daitezke; Azkoitian, Isidro erretegian eta Aizpurutxon, Etxaniz tabernan erosteko aukera dago. Apustuaren egunean ere sarrerak erosteko aukera egongo da apustua hasi baino ordubete lehenago.
Larrañagak Lehenengo Mailako Gipuzkoako Txapelketa eta Bigarren Mailako Euskal Herriko Txapelketa irabazi ditu aurten eta Otañok berriz, Bigarren Mailako Gipuzkoako Txapelketan hirugarren sailkatu da eta Euskal Herriko Txapelketan laugarren geratu zen. "Nahiko ondo prestatu gara apustu honetarako. Ahal dugun guztia egingo dugu eta ahal baldin badugu irabazi egingo dugu" azpimarratu du Larrañagak. Otañak berriz, bere burua "ondo" ikusten duela dio: "Hurrengo asteko apustua erronka bat da niretzako. Ahal dudan lana guztia egingo dut eta jendea gustura egotea lortu nahi dugu".