[caption id="attachment_116580" align="aligncenter" width="300"]

Urkomeko langileak eta Beizama Bizia kooperatibako kideak aplikazioaren aurkezpenean (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption]
Urola Kosta Gozatu!, Urkome, Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak mugikorrentzako eta tabletentzako sustatutako aplikazioa da. Elkarteko teknikariak aurkezpenean adierazi duenez, "landa eremuko jarduera eta bertako produktuak sustatzeko eta garatzeko" helburuak dituen aplikazioa da eta eskualdera etortzen direnenei, hau da, turistei, eta eskualdeko herritarrei dago zuzenduta.
Aplikazioaren beresitasuna, salerosketa egiteko aukera dagoela da eta erosketen ordainketa transferentzia, txartel edo Paypal sistemaren bitartez egin ahalko da. Android eta IOS sistema eragileak dituzten mugikorrei eta tabletei zuzendutako aplikazioa da eta urte amaiera arte aplikaziotik erosketak egiten dutenen artean Pagoetako produktuen zozketa bat egingo da.
Aplikazioa hiru ataletan dago banatuta, lehenengoan landa eremuko bisita gidatuak eta eskaintza ezberdinak azaltzen dira, bigarrengoan, eskualdeko jatetxeetan bertako produktuekin osatutako menuak eskaintzen dira eta hirugarrengo ataldean, berriz, bertako produktuen sortak erosteko aukera egongo da.
Denetariko eskaintza
Aplikazioaren
lehenengo atalarekin, "eskualdeko baserritar eta ekoizleen lana eta hauek herriari egiten dioten ekarpenaren balioa gizarteratu" nahi da. Bertan, eskaintzaren informazioa eta erreserbaren ordainketa egiteko aukera dago. Hala ere, erreserbaren eguna eta ordua eskaintzaren antolatzailearekin adostu beharko da eta aplikazioan bertan azaltzen dira kontaktuaren datu guztiak eta helbidea. Orain arteko eskaintzea zabaltzeko aukera dagoela dio Urkomeko teknikariak eta "eskaintza berriei irekita dagoen proiektua dela" adierazi du. Hauek dira orain arte aplikazioan agertzen diren eskaintzak: Zarauzko Talai Berri txakolindegia, Aiako Satxota sagardotegia, Zestoako Sastarrain Baserri Eskola, Errezilgo Irure Txiki Baserri Agroekologikoa eta Beizamako ingurumen aterpeak kudeatutako hainbat baserrietarako bisitak.
Bertako produktuekin osatutako menuak eskaintzea da
bigarren ataleko helburua. Aplikazioan, Urola Gustagarriren II. edizioan parte hartzen duten jatetxeak eskaintzen dituzten menuak daude ikusgai. Kasu honetan jatetxeen informazioa azaltzen da eta ez dago salerosketa egiteko aukerarik.
Hirugarrengo atalean, bertako produktuez osaturiko sortak daude salgai, produktu horiek herritar eta turisten eskuragarri jartzeko asmoz. Sortak eskatu eta ordaindu ahal izango dira eta jasotze puntuen bitartez edo etxean jasotzeko aukera egongo da. Une honetan, hiru sortak daude eskuragarri eta Urkomek kudeatzen duen
webgunean saltzen diren produktuaz osatutakoak dira.