Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hasi da Saiaz Gizarte Zerbitzu Mankomunitatearen ikasturte berria, eta hainbat ekintza antolatu ditu. Azaldu dutenez, aurten ere I. Berdintasun Planarekin jarraitzeko helburua dute.
Alde batetik, eskoletan Hezkidetza Plana lantzen ari dira guraso, ikasle eta irakasleei zuzenduta. Eta bestetik, kafe tertuliak eta dantza ikastaroak egingo dituzte.
Kafe tertuliak gizonen eta emakumeen berdintasunaren ingurukoak izango dira, eta Olatz Berastegi psikologo eta berdintasun gaietan adituak gidatuko ditu. Saioak Errezilgo Borondegiko areto nagusian izango dira 15:00etatik 16:30era, eta azarotik maiatzera iraungo dute. Hona hemen saioen egunak: azaroak 19, abenduak 17, urtarrilak 28, otsailak 25, martxoak 11, apirilak 29 eta maiatzak 13.
Saiaz mankomunitatea osatzen duten lau herrietako zaintzaile guztiei zuzendutako dantza ikastaroak ere antolatu dituzte. Horien artean eskualdeko Beizama eta Errezil daude. Ikastaroa «eguneroko jardunean jasaten duten tentsioa dantzaren bitartez askatzeko» asmoz antolatu da, eta ikasleek salsa, merenge eta tango dantzak ikasiko dituzte.
Ikastaroetan izena emateko epea ostiralean amaitzen da, eta ikastaroaren egutegia hau da: azaroak 20, abenduak 11, urtarrilak 15, otsailak 26 eta martxoak 5. Izena goizez eman behar da ondorengo telefono zenbakira deituz: 943-681128. Ostegunetan, berriz, ondorengo zenbakira deitu beharko da: 943-812989.