[caption id="attachment_112974" align="aligncenter" width="300"]

Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako eta Iraurgi Berritzen-eko ordezkariak (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption]
Eskualdeko sei udalerritako langabetuei zuzendutako diru laguntzak dira: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Beizama, Errezil eta Aizarnazabal. Eskualdeko udalek, Lanbidek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratutakoak. Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek adierazi dutenez 1.066 langabetu daude Azpeitian eta 797 Azkoitian. Bi herrietako alkateek esan dute helburua dela langabezia tasak "murriztea" eta langabetuei "irtenbideak" ematea.
Enplegu planeko diru laguntzak hauek bi motatakoak dira: alde batetik ideia pentsatuta dutenei zuzendutako bost proiektu lagunduko ditu Lanbidek (25 urtetik beherakoentzat 4 proiektu lagunduko dira eta 25 urtetik gorakoentzat proiektu 1) eta bestetik, ideia landuta duten ekintzaleei zuzendutakosei proiektu lagunduko dira diruz (25 urtetik beherakoentzat 4 proiektu lagunduko dira eta 25 urtetik gorakoentzat proiektu 2 lagunduko dira).
Proiektuak Azpeitiko udaletxean aurkeztu behar dira, eta
epea urriaren 20tik 26ko 14:00ak arte izango da. Honakoak dira aurkeztu beharreko agiriak: orrialde batean ideia azaldu, curriculuma, nortasun agiriaren fotokopia eta langabezian dagoela ziurtatzen duen agiria. Eskaerak jaso ondoren, urriaren 27tik 29ra erabakiko dituzte aukeratutako proiektuak eta aukeratutako pertsonekin urriaren 30ean bilduko dira.
Lehenengo motako diru laguntzak ideia baten bideragarritasuna ezagutzeko laguntzak dira. 25 urtetik gorakoek 1.500 euro jasoko dituzte eta 25 urtetik beherakoek 2.000 euro. Honakoak dira diru laguntzak jasotzeko betebeharreko baldintzak: langabezian egotea, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta inoiz langile beregain jarduera ekonomikoetan alta emanda ez egotea.
Bigarren motako laguntzak jaso ahal izateko, aurreko diru laguntzaren baldintza berak betetzeaz eta agiri berak aurkezteaz gain, ideiaren bideragarritasun plana ere aurkeztu beharko da. Diru laguntzak ere berberak izango dira: 25 urtetik gorakoek 1.500 euro jasoko dituzte eta 25 urtetik beherakoek 2.000 euro.
Informazio gehiago eskuratzeko Iraurgi Berritzen-era edo Azpeitiko udaletxera jo daiteke.