Lau proiektu aukeratu dituzte Urola Erdirako

Ane Olaizola 2014ko urriaren 1a

Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako bizilagunek erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo urtean 500.000 zertan gastatuko dituen. Herenegun iluntzean egin zuten bailarako azken bilera Azpeitiko udaletxeko bosgarren solairuan, eta Urola Erdiko 50 lagun inguruk erabaki zituzten partaidetzazko aurrekontuen proiektuak. Lau egitasmo aukeratu dituzte herritarrek, eta batez ere aurreko urteko proiektuekin jarraitzea lehenetsi dute: Energia Burujabetza Planeko ekimen bat martxan jartzea eta baserri bideak konpontzen jarraitzea. Bide berdea berreskuratzeko lehen urratsa egitearen alde ere azaldu dira, baita ekonomia berpizteko neurri bat ere. Hala, ekintzailetza arloko eskualdeko estrategia garatzea erabaki dute. Lau proiektu horiek erabaki dituzte eztabaida eta botazio bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo urtean egingo ditu. Aldundiak Urola Erdira bideratutako aurrekontuaren erdia bide berdea berreskuratzeko lehen pausoetan gastatuko dute. Zestoa eta Zumaia arteko bide berdea osatzeko hasierako proiektua alboratuta geratu zen, bi milioi euroko aurrekontua zuelako. Herritarrek, ordea, horren beharra azpimarratu eta aldundiak proiektua egokitu eta aurrekontu berria ezarri zuen. Herenegun egin zuten bileran bide berdea berreskuratzeko hiru aukera eztabaidatu zituzten, eta azkenenan bide berdeko ibilbidean dauden bi tunel konpontzea erabaki zuten, aurrera begira bide berdea egitea ahalbidetzeko. Beraz, faseka egiteko asmoa azaldu dute. Martxoan abiatu zuten Partaidetzazko Aurrekontuen egitasmoa, «diru publikoaren kudeaketan herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoz eta partaidetzaren kultura gizartean errotzeko asmoz». Aldundiak azpimarratu du prozesua ez dela kontsultarako prozesua, «herritarrei azken hitza ematen baitzaie». Herritarrek erabakitzen dituzten proiektuak 2015eko aurrekontuetan txertatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Batzar Nagusiek berretsiko dute. Hain zuzen, orain aldundira eta Batzar Nagusietara bideratuko dituzte aukeratutako proiektuak, dagokion prozedura administratiboarekin hasteko. Aukeratutako lau proiektuak - Zestoa eta Zumaia arteko bide berdea osatzen joateko ibilbidean zehar dauden bi tunelen konponketa. 250.000 euroko aurrekontua. - Ekintzailetza arloan eskualdeko estrategia bat garatzea. 122.000 euroko aurrekontua. - Eskualdeko Energia Burujabetza Planak jasoko duen ekimen zehatz bat martxan jartzea (2014an lantzen ari dira). 65.000 euroko aurrekontua. - Eskualdeko baserri bideak konpontzen jarraitzea. 63.000 euroko aurrekontua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide