Beizama (Nerea Uranga/Hitza)
Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiatutako partaidetzazko aurrekontuetatik hainbat proiektu onartu dira Beizamarako, eta horiek garatzen ari dira egun. Herriko baserri bideak konpontzeko 37.500 euroko aurrekontua dute, eta beizamarrek dagoeneko erabaki dituzte zein konponduko dituzten. Baserri asko dituen herri bat izanik, bide ugari konponduko dituztela esan du alkateak, eta dagoeneko helarazi diete eskaera aldundiari. Beraz, Begoña Garmendiaren arabera, «laster» hasiko dira lanak.
Beste proiektuetako bat izan da ume eta gazteen dinamizazio zerbitzua martxan jartzea. Bi dinamizatzaile jarri dituzte, eta egun gazteekin eta gurasoekin biltzen ari dira, ekintzak sustatzeko. Ildo horretatik, udarako programazioa ere lotzen ari dira. «Uztailean egiten dira udaleku irekiak, eta programazio hori gazteen partaidetzarekin egin nahi da».
Horrez gain, zain daude mendiko pistak konpontzeko eskualdeko bilerak egiteko, herritarrek proposamen batzuk egin eta gero. Esaterako, Beizamako mendi publikoetan trikuharriak daudela esan du Garmendiak, eta herritar batek inguru horiek txukuntzeko eta trikuharriak balioan jartzeko proposatu du.
Horrez gain, aldundiak hainbat diru laguntza eman die, eta besteak beste bi langile kontratatu zituen iaz udalak —gaur egun horietako batek jarraitzen du lanean–. Hala, 25.000 euroko laguntzarekin hainbat lan egin dituzte; besteak beste, hilerria txukundu, segurtasun elementuak jarri, argiak berritu, hezurtoki berriak egin eta horma-hobiak hustu dituzte. Horrez gain, udaletxe ondoko lokaletako bat erakusketak eta ikastaroak egiteko prestatu dute. Pilotalekua margotu dute, eta idazkaritza gela isolatu ere bai.
Datorren urteko partaidetzazko aurrekontuak ere ari dira garatzen eskualdean, eta Beizaman ekarpen ugari dituzte esku artean, eskualdeko batzarrean aurkezteko. Herrian dagoen errota bikoitz bat zaharberritzea da ideietako bat: «Gipuzkoan, nonbait, halako bi errota daude. Herriko langileekin eremua garbitu eta agerian jarri nahi dugu», azaldu du Garmendiak. Horrez gain, baserri bideak konpontzeko beste partida bat eskatuko dute, «bukatzen ez den gaia delako». Garmendiak esan du pista asko hormigozkoak direla, 1980ko hamarkadan eginak, eta «ordutik kalte asko egon dira», gogoratu du. «Partida horiek oso garrantzitsuak dira guretzat, behintzat mantentzeko aukera emango digulako».
Baliabide propio falta
Bestelako zerbitzuak ere aipatu ditu Beizamako alkateak. «Herri txiki batean bizitzeak ez du eragin behar zerbitzu gutxiago edukitzea, edo zerbitzua edukitzeko herri handi batera joan behar izatea. Finean, hori da herri txiki baten amaiera», iritzi dio. Horregatik, herritar guztientzako dinamizazio zerbitzuek berebiziko garrantzia dutela azpimarratu du: «Kontuan hartu behar da, herritar asko aparte bizi direla, baserrietan. Aukera gutxi daukate elkartu eta sozializatzeko. Beraz, sozializazio eremuak guztientzako landu behar dira». Hala, hurrengo urtean dinamizazio zerbitzuarekin jarraitzea ere eskatuko dute herritarrek, oraingoa motzegia delakoan; «maiatzean hasi zen zerbitzua, eta iruditzen zaigu sei hilabete oso denbora gutxi dela, eta luzatu egin beharko litzatekeela, beste urtebete behintzat, dinamikak finkatu arte». Gazteentzako ez ezik, beste eremu batera ere zabaldu nahi dute egitasmoa: «Jende adindu asko baserrietan bakarrik bizi dira. Gai dira euren kabuz bizitzeko, baina gertatzen da isolatuta bizi direla. Meza egunean elkartzen dira». Beizamarako ez ezik, eskualde osorako «egitasmo interesgarria» izango delakoan da, modu horretara adinduek astean bitan elkartu eta elkarrekin egon edo ikastaroak egiteko aukera izango baitute.
Beizaman «gauza asko» daudela egiteko berretsi du Garmendiak, baina horretarako kanpoko administrazioen laguntza behar dutela azpimarratu du: «Herri txiki batek bere baliabide propioekin ezin du bizi». Honen ustez, ez luke hala behar, baina horretarako, erakundeek eta gizarteak berak herriaren ondarea kontuan hartu beharko luketela azpimarratu du: «Beizamak ondare naturala du, baina ez zaio zifrarik jartzen, eta herriak ez du inolako konpentsaziorik jasotzen ondare hori zaintzeagatik. Esaterako, gure basoek ingurumenari, eta bereziki Ibai Ederreko urtegiari, izugarrizko mesedea egiten dio. Beraz, jabetu behar dute ondare naturalaren kontserbazioa doan ez dela gertatzen».