Beizamako Udala auzitara eraman dute, kontratazioetan euskaraz jakitea eskatzeagatik

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 18a

Beizamako udaletxea (Nerea Uranga/Hitza) Gipuzkoako hainbat udalek— tartean Zarauzkoak— agerraldia egin zuten atzo Donostian, kontratazioetako hizkuntza irizpideen aurkako «erasoari» erantzun eta hizkuntza irizpideak erabakitzeko «askatasuna» eskatzeko asmoz. Jakinarazi dutenez, Espainiako Gobernuak 26 udal salatu ditu aurten, eta iaz beste 11 udalen aurka egin zuen, hizkuntza irizpideak bete ez dituztelakoan; Beizamako Udala, berriz, auzitara eraman du. Zentzu horretan, euren burua gobernatzeko duten «ahalmena» aldarrikatu dute. Eskualdean, besteak beste Azkoitiko, Orioko, Zarauzko eta Zestoako udalek jaso dute eskakizunen bat iaztik; ondorioz, udal horietako batzuek bertan behera utzi dituzte kontratazioen hizkuntza irizpideak. Oraingoz, Beizamako Udala da auzitara eraman dutena, Tolosakoarekin batera. HITZAk ez du lortu Beizamako agintariekin hitz egiterik. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak dio haren eskumena direla kontratazioak. Eusko Jaurlaritzak, ordea, kontratazioetan hizkuntza irizpideak aplikatzera derrigortzen ditu udalak eta diputazioa. «Horma baten kontra gaude. Baten arauak eta bestearen inposizioak ditugu parez pare. Harrapatuta gaude, euskarari behar duena eskaini ezinik». Honen arabera, Espainiako estatuak «bortizki» erantzun du: «Erakundeen ekimen zilegiaren aurka egin du, oldarkor. Euskararen ofizialtasuna praktikan jartzea oztopatu nahi du, normaltasunez aritzea zaildu». Erakundeen eta euskaldunen aurkako «inposizio onartezina» da Espainiaren jarrera, eta Gipuzkoako erakundeak eta herritarrak errespetatu ditzan galdegin dio. Lezoko alkate Ainhoa Zabalok, bere aldetik, euskaren garapenaren aurkako «gorrotoarekin» eta «burugogorkeriarekin» amaitzeko eskatu dio Espainiari. Etxeburuaren esanetan, Espainiako Gobernuak «betikoa» du gaztelania «inposatzeko» eta euskara «debekatzeko» politika. «Euskara galtzea du azken helburua. Espainieraz bizitzera behartzen gaitu eta bortxa du bide bakarra». Argi utzi du ez dutela onartuko «gutxiespen» hori. Europako estatu hizkuntzek elkarri aitortzen dioten «berdintasuna» nahi dutela berretsi du. Egoeraren aurrean, laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, gaur egungoa baino marko legal «zehatzagoa» eta «eraginkorragoa» osatu dezaten. Bi hilabete igaro dira babes eskaera igorri ziotenetik, baina, horien arabera, oraindik ez dute erantzunik jaso. «Eta okerragoa dena, ez du inolako iniziatibarik erakutsi Gipuzkoako erakundeek pairatzen ari garen egoerari irtenbidea eskaintzeko». Etxeburuak adierazi duenez, «euskaldunok elkarrekin egin behar dugu euskara berreskuratzeko bidea», eta hizkuntza irizpideetan hasitako bideari eutsiko diotela ziurtatu du. «Euskaraz bizitzeko behar ditugun neurriak adostu, erabaki eta ezarriko ditugu aurrerantzean ere». Normalizaziora bidean 2012an abiatu zuten Proiektu Elkartuak egitasmoa Gipuzkoako udal gehienek, Uemak eta aldundiak. Udal administrazioek euskara normalizaziorako pausuak egin zitzaten, ideia horretatik abiatuta sortu zuten udalekin egitasmoa, udaleko administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezartzeko. Urola Kosta eskualdeko udal guztiek egin zuten bat iaz, Aiak izan ezik; Urola Kostako Udal Elkarteaz gain, Aizarnazabalek, Azkoitiak, Azpeitiak, Beizamak, Errezilek, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide