Hamargarren urteurrena ospatzeko festa egingo du Beizamako Haur Eskolak

Ane Olaizola 2013ko abenduaren 18a

Beizamako haur eskolak hamarkada osoa bete du. 2003ko abenduan ireki zituen ateak, herrian zerbitzu garrantzitsua eta «bizia» emateko, eta urtez urte egindako ahaleginak eman du fruitua. «Herri txiki bateko haur eskola xumea da, baina bere apaltasunean, Beizama bizia egiten lagundu du», esan du Naiara Etxaniz hezitzaileak. Haur eskolako umeak, aurtengo otsailean, Naiara Etxaniz hezitzailearekin (Nerea Uranga/Hitza) Haur eskola zabaldu zutenetik aldaketa berrikuntza eta hobekuntza ugari egin dituztela nabarmendu dute, «umeak etxean bezala» egon daitezen. Dena den, halako herri txiki batean haurreskola hamar urtez mantentzea «lan zaila» ere izan dela gaineratu dute. Izan ere, biziraupena bermatzeko lan ugari egin behar izan dituzte, batez ere azken urteetan. Lau hilabete eta hiru urte bitarteko hamar umerentzako lekua dute, baina haur eskola martxan izateko ikasturtearen hasieran gutxienez hiru haur eduki behar dituzte matrikulatuta. Azken urteetan «ahalegin handia» egin behar izan dute kopuru horretara iristeko, eta hori izan da haurreskolaren erronka handiena. «Estu ibili gara azken urteetan, ixteko arriskuarekin, baina handik eta hemendik lortu dugu gutxiengo kopurura iristea, eta aurrera egitea». Hala, adierazi dute «urtez urteko erronkak» direla ezartzen dituztenak. Aurten, hiru ume daude matrikulatuta Beizaman, eta adin askotakoak izanik, jakin badakite hurrengo ikasturtean horietako bate ez dela haurreskolan izango. Haur eskolak izan dituen gorabeherei aurre egiteko, gurasoen eta udaletxearen laguntza izan dutela nabarmendu dute, zerbitzuaren garrantziaz jakitun. «Herriari bizia ematen dio haur eskolak. Beizamako umeak herrian bertan geratu ahal izatea oso garrantzitsua da. Haurrak elkartzeko bilgunea da haurreskola, eta elkar ezagutzeko eta herrimina indartzeko balio du». Eskerrak, bertsotan Hamargarren urteurrena ospatzeko askaria edo merienda antolatu dute. Bihar egingo dute, 17:30etik 18:30era, Natur Eskolako bigarren solairuan. Gurasoak eta umeak ez ezik, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara. «Eskerrak eman nahi dizkiegu, haur eskola herrian mantentzeko ahalegina egin dutelako». Biharko egitasmoaz gain, triptiko bat ere prestatu dute eskerrak emateko, eta haurreskolatik igaro diren umeei ez ezik, etxez etxe banatu dituzte. Haur eskolaren ibilbidea laburbiltzen duen bi bertso ere sortu dituzte: Erditze zaila izanagatik/ benetan haurtxo bizia / laprastaka maiz ibili arren,  takataka ikasia. / Hamar urtetan hamaika kuttun / ongi hazi eta hezia / Beizamagintzan ezinbesteko / tori esker merezia, da horietako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide