Beizaman eta Nuarben saldu gabeko etxeak alokagai jarriko ditu Etorlurrek

Nerea Uranga 2012ko maiatzaren 25a

Etorlur enpresa publikoak Beizaman eta Nuarben eraikita eta saldu ezinik dituen etxebizitzak alokairuan jarriko ditu; Beizaman  bat eta Nuarben hiru. 2008 eta 2009 urteetan eraikitako etxebizitzak dira, baina saldu ezinik daude. Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan duenez, Foru Aldundia Etorlur enpresa publikoa kudeatzeko estrategia aldatzen ari da, «batik bat sustapen publikoei dagokionean». Kudeaketa eredu aldaketa horren baitan, Etorlurrek aurreko agintalditik saldu ezinda dituen lokalak eta etxeak alokairuan jarriko ditu, «espekulazio prezioetatik kanpo» eta «herritarren egungo beharrak kontuan hartuta». Etorlurrek Beizaman zortzi etxebizitza adosatu eraiki zituen 2009ko apirilerako. Egin orduko sei etxe saldu ziren, eta 2010eko urrian beste bat. Baina ordutik etxe bat hutsik dago, eta hura erosteko eskaririk ez dute jaso. Azpeitiko Nuarbe auzoan, berriz, 2008ko uztailerako egin zituzten sei etxebizitza adosatu. Baina horietatik erdiak bakarrik saldu zituzten, eta azken urteetan erosteko eskaririk ez dute jaso Etorlurren. Etxebizitzak hutsik edukitzeak «mantentze gastuak» besterik ez dizkio ekarri Etorlurri. «Aurreko gobernuak zenbait etxebizitza proiektu martxan jarri zuen Etorlurren bidez, eta kostu handiak ekarri dituzte», azaldu du Alduntzinek. Orain, alokairuan jarrita «emaitza positiboak» izango dituztela uste dute, «ondasun horiek gastu hutsa izateari utziko diote, eta arrazoizko prezioan eskainiko dira». Alokatzeko baldintzak Etxebizitzak alokairuan hartzeko bete beharreko baldintzen berri ere eman du Peio Gascon Gipuzkoako Lurralde Antolaketako foru zuzendariak eta Etorlurreko zuzendari ordeak. Baldintzak hauek dira: etxebizitza bakoitzaren hilabeteko errenta 450 eurokoa da, eta bizikidetza unitatea osatu behar dute hara bizitzera doazenek. Aurrez etxebizitzarik ez dute izan behar jabetzan, eta azken hiru urteetan Gipuzkoan egon beharko dute erroldatuta. Urteko sarrerak, berriz, 9.000 eurotik 30.000 euro artekoak izan beharko dituzte. «Sarrera ponderatuak jaitsi egin ditugu». Interesa dutenek izena Etorlurren webgunean eman dezakete, eta etxebizitzen inguruko informazioa ere bertan eskura daiteke. Kudeaketa eredu berria Etorlur enpresa publikoan sustapen politikei dagokienean kudeaketarako eredu berria martxan jarri dutela esan du Alduntzinek, «horretarako, espekulazioari ateak itxi nahi dizkiogu. Gipuzkoarren eta Gipuzkoako jarduerak sustatzeko zerbitzua eskaini nahi dugu aurrerantzean». Alduntzinen arabera, aurreko gobernuak, Etorlurren geroa «hipotekatu» duten beste bi operazio ere egin zituen Azkoitian Intsaustin eta Hernanin. Azkoitiko Intsaustiko operazioaren azterketa egiten ari direla esan du eta emaitzak dituztenean azalduko dituztela. Udal sustapenekoak Nuarben Azpeitiko Udalak Azpeitia Lantzenen bidez tasatutako bederatzi etxebizitza ere eraiki zituen Nuarben; 2008an hasi ziren eraikitzen eta 2010ean zozkatu. Bi besterik ez ziren saldu, eta besteak libre bezala jarri zituen salgai, baina ez da bakar bat ere saldu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide