Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Saiaz Gizarte Zerbitzuetako Udal Elkarteak (Errezil, Beizama, Albiztur eta Bidegoianek osatzen dute) menpekotasun egoeran daude pertsonak zaintzeko ikastaroa antolatu du. Batik bat, Errezildarrei eta beizamarrei zuzendua dago ikastaroa. «Menpeko pertsonak zaintzen esperientzia dutenei, senitartekoei edota etxez etxeko lanetan ari direnei zuzendutakoa da formazio ikastaro hau», adierazi dute Saiazeko arduradunek. Oraingo honetan menpeko pertsonak zaintzeko esperientziarik ez dutenak, baina horretan lan egin nahi dutenak ere izena ematen ari dira.
«Alde horretatik gorakada antzeman da», dio Saiazeko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak,
Elena Rikondok.
Ikastaroa doan izango da, eta bukaeran parte-hartzaileek ziurtagiria jasoko dute. Bertan izena emateko azken eguna hilaren 26a, osteguna, izango da. Izena, Bidegoiango Gizarte Zerbitzuetako 943-68 11 28 telefono zenbakira deituta eman behar da, eta ostegunetan, berriz, Errezilgo udaletxean edota hango 943-81 29 89 telefono zenbakira deituta. Izena emandakoen artean etorkinak ere badirela diote, eta horregatik bi hizkuntzatan emango dituzte ikastaroko saioak.
Saioetan irakasle arituko direnak Izaskun Etxarri, Ana Elosegi eta Gloria Martinek izango dira. Bertan landuko dituzten gaiak honako hauek dira, besteak beste: adineko pertsonen ezaugarriak zeintzuk diren, haiek nola zaindu, eta horretarako dauden baliabideak eta laguntza teknikoakzein diren. Horrez gain, zaintzaleak berak nola zaindu behar duen, dolua eta menpeko pertsonen sexualitatea ere landuko dituzte ikastaroetako saioetan.
Ikastaroa Bidegoiango balio anitzeko gelan emango dute. «Saiaz Udal Elkartearen bulegoa bertan dago, eta anbulatorioa-eta bertan dugu hainbat kontu lantzeko».
Maiatzaren 2an hasi, eta ekainaren 15era bitartean izango da ikastaroa. Saioak maiatzean, astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, 14:30etik 17:30era. Ekainean, berriz, astelehenetan eta ostiraletan izango dira, ekainaren 14a, osteguna, barne. Ekainean ere ordutegi bera izango dute, 14:30etik 17:30era artekoa.
Elbarrituentzat oporraldia
Bestetik, Saiaz Gizarte Zerbitzuetako Udal Elkarteak azaldu duenez, Gipuzkoako urritasun fisikoa duten pertsonen federazioak elbarrituentzako oporraldiak antolatu ditu. Saloura, Benidormera eta Tenerifera izango dira. Oporraldi horietakoren batean parte hartu nahi duten errezildarrek eta beizamarrek gaur eta bihar artean eman beharko dute izena, bi udaletxeetako gizarte zerbitzuetakoren batean, edota Saiaz udal elkarteko bulegora deituta. 943-68 11 28 da telefono zenbakia.