Hamazazpi urte darama Beizaman bizitzen Begoña Garmendia (Lucena, Andaluzia, 1957) alkateak. Zuzenbidean lizentziatua, Donostiako Udalean zinegotzia izana da Herri Batasunarekin zortzi urtez, eta aurreko agintaldian Beizaman aritu zen zeregin berean, Aurrena Beizama herri plataforman. 2006tik Azkoitiko udaletxeko idazkaria da, eta orain hango lanarekin uztartu beharko du ardura berria.
Udaletxe batetik bestera bueltaka ibiliko zara hemendik aurrera, baina lan oso desberdinak eginez, ezta?
Bai. Nik askotan esaten dut burua aldatu beharra dudala. Egia esan, ikuspegia ez da bera idazkaria zarenean edo alkatea zarenean. Idazkaria zarenean, batez ere legedia kontrolatzen, gidatzen... tramitazioak nola egin behar diren esplikatzen jardun behar duzu. Egia esan, alkatearen tokian jartzen zarenean, hori guztia kontuan hartu behar duzu derrigorrez, baina, aldi berean, presa sartzen zaizu gauzak lortu nahi dituzulako. Alkatetzan beti nahi izaten da gauzak azkartzea, eta ulertzen dut, baina, azken finean, oreka lortzea da kontua.
Azkoitin idazkari lanetan jarraituko duzu. Nola uztartuko duzu alkate jardunarekin?
Udaletxean talde gisara funtzionatzen dugu. Alde batetik, alderdiko hiru zinegotziok biltzen gara astero. Agertu diren gaiak banatu eta erantzun bat ematen diegu. Bestetik, ibilbide luzeagoa duten gaiak jorratzen ditugu, eta hor herritarrez osatutako lan talde bat dugu atzean. Azkenaldian oso maiz elkartu gara bigarren talde horretan. Urtean hiru herri batzar behintzat egitea ere aurreikusten dugu. Neuri dagokidanez, ostiraletan eguerditik aurrera beti hemen izango naiz, eta astean zehar arratsalderen batean ere bai. Horretaz gain, posta elektronikoek eta halakoek ondo funtzionatzen dute.
Harreman etengabea da, beraz.
Bai. Gainera, honelako herri txikietan herritarrek alkatearengana jotzen dute zuzenean arazoen aurrean; dela etxera deituz, dela sakeleko telefonora nahiz etxera bertara joanez. Berdin du larunbata ala igandea den, erantzuten saiatzen gara. Astean zazpi egunez, 24 orduz gaude guardian. Hori hala da, eta onartu egiten dugu.
Udaleko bi alderdiak herri mailakoak zarete. Nola definituko zenuke Udala gobernatuko duen Aurrena Beizama?
Herri plataforma bat da, eta aurreko hauteskundeei begira sortu zen. Beizaman,beste herri askotan bezala, aurrez aurrekoak, desadostasunak... egon dira. Baina Beizama bezalako herri txiki batean, jada orain sei-zazpi urte ikusten genuen borroka horrekin galtzen zuena azken finean herria zela. Ez zegoen planteamendurik etxebizitzak egiteko, zerbitzu falta zegoen...Herria oso geldirik zegoen. Lau urtean gauza asko hobetu direla uste dugu.
Aurtengo hauteskundeetan, berriz, Beizama Bai izeneko talde bat ere aurkeztu da, eta alkatetza boto bakar batengatik eskuratu duzue.
Hala da, bai. Guk aurreneko momentutik proposatu genion beste taldeari Udaleko ardura guztiak banatzea; lana denon artean egitea. Denok herritarrak gara, eta ohituta gaude desberdinen artean gauzak lantzen. Hasieran baiezkoa eman zuten, baina gero erantzun ziguten taldeak ez zuela hain argi ikusten, eta momentuz ez zutela parte hartuko. Baina nik espero dut denborarekin egoera normalizatzea, eta Udalaren ardura partekatzea. Hauteskundeen aurretik ere saiatu ginen haiekin hitz egin eta elkarrekin aurkezten hauteskundeetara, baina ez zen posible izan.
Zein dira Udalaren lehentasunak datozen lau urteei begira?
Alde batetik, arau subsidiarioak aldatu eta elizaren bestaldean dagoen lur sailean babestutako etxebizitzak egin nahi ditugu. Herriari kasko egitura eman nahi diogu, plaza erdian, eliza eta udaletxea eta, inguruan, etxeak. Baserriekin ere lan egin nahi dugu. Asko hutsik daude, eta haiek berritzeko eta berreraiki ahal izateko, baserri bakoitzean etxebizitza gehiago egiteko aukera ematea pentsatzen ari gara. Arauek diote ezin direla bi baino gehiago egin, eta guk hiru edo, baserri bakoitzaren arabera, kopurua moldatu nahi dugu arauak aldatuz, jendearentzat bideragarria izan dadin berrikuntza egitea. Betiere, baserri zaharrak berreskuratzea da gure nahia.
Etxebizitza politika egokia garrantzitsua iruditzen zaizue.
Bai. Populazio kopuru bat bermatzea garrantzitsua da guretzat herriaren etorkizuna bera bermatua egon dadin. Oraindik ez dugu zehaztu babestutako etxeak zein babes motatakoak izango diren, baina argi dugu Beizaman lehiatzeko bi elementu ditugula: bat natura, paisaia, lasaitasuna... da, eta bestea prezioak izan behar du, zalantzarik gabe. Gainera, etortzen dena bizitzera etortzea nahi dugu, eta, ahal bada, herrigintzan parte hartzea. Etxebizitza berrietara etorri direnekin esperientzia oso ona izan dugu, herrian parte hartzen ari direlako.
Azken etxebizitza horiek Etorlurrek sustatuak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren sozietateak. Oraingoak ere hark egingo al lituzke?
Aldundi berriak forma hartu arte zain gaude. Lehenbailehen haiekin harremanetan jarri nahi dugu, gure asmoak azaldu eta haien asmoak ere jakiteko.
Zuntz optikoa herrira iristea ere nahi duzue.
Bai. Aldundia Santutxutik hona bidea berritzen ari da, eta guk bere garaian eskatu genuen zuntz optikoa sartu ahal izateko hodiak sartzea. Gure apustua zerbitzu hori lortzea da, eta, horren bidez, ateak ireki ahal izatea teknologia behar duten aktibitate ekonomikoei.
Haur eskola egoera larrian dago, haur faltagatik.
Konplexua da egoera. Haur eskola motz gelditzen dela ikusi dugu. Haurrek hiru urterekin autobusa hartu behar izaten dute Azpeitira eskolara joateko. Gure ustez, egoera hori ez da hona hiru urteko ume batentzat. Fisikoki ez da ona, eta, era berean, herriarekiko harremana ere gal dezake. Gu saiatzen gara beste bide batzuetatik harreman hori sendotzen, baina beste planteamendu bat dugu mahai gainean. Alegia, haurrek aukera izatea sei urtera arte herrian gelditzeko. Haur eskolan haur gutxi dago, eta guk beste buelta bat eman nahi diogu, 0-6 urte artean ume dezente dagoelako herrian.
Zentzu horretan, pausorik eman al duzue?
Eusko Jaurlaritzan aurkezteko idazki bat ari gara prestatzen. Badakigu ez dela eskaerak egiteko garai onena, baina herri bezala, nahiz eta herri txikia izan, Beizamak behar du bere eskola.
Garraio arloa ere garrantzitsua da zuentzat.
Bai. Guk oso arrunta ez den garraio zerbitzu bat garatu dugu. Izan ere, bateratuta ditugu eskolako garraioa eta herritarrena. Egunean bost alditan egiten du joan-etorria autobusak. Ibilbidea Beizama-Nuarbe-Urrestilla-Azpeitia da, eta autobus hori Udalak kontratatzen duen arren, hainbat diru laguntza jasotzen du: Aldunditik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, Azpeitiko Udaletik eta Beizamako Udaletik bertatik. Sistema hori, ordea, oso prekarioa da, urtez urte sinatzen delako kontratua. Irailean zer gertatuko den zain gaude. Aldundiak asmoa zuen kontzesio bidez bere gain hartzeko horren ardura, baina orain geldituta dago plana. Ikusten duzuenez, Aldundirako zerrenda luzea dugu, eta garraioaren normalizazio hori ere planteatu behar diegu.
Alkate bezala, zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Aurrena, jarritako helburuetatik gehienak lortzea da, zalantzarik gabe. Bestalde, herritar guztiekin izan nahi nuke komunikazioa eta harremana, herritarrek alkatea laguntzaile gisa ikus dezatela arazo guztien aurrean, eta gustatuko litzaidake denok bat egitea herriaren interesen alde. Hori da nire erronka nagusia.