Basque Culinary Center gastronomia eskolak antolatuta, Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako hemeretzi gaztetxo udaleku berezi batzuez gozatzen ari dira egunotan. Beizamako aterpetxean elkartuta, udaleku gastronomikoak egiten ari dira. 15 eta 17 urtekoak dira eta, sukaldean ikasteaz gain, elkarlaneko eta elkarbizitzako balioak lantzen ari dira bertan.
Aitzol Sugasti sukaldaria dute gidari udalekuetan, eta Markel Gibert eta Jon Abaitua dira sukaldeaz kanpoko ekintzez eta betebeharrez arduratzen diren hezitzaileak.
Motibazioa eta jakin-mina
Zugastik eta hezitzaileek zerbait nabarmentzen badute, gaztetxoen «ikasteko gogoa» da. «Batzuek bokazio handia dute, bada bat, adibidez, 11 urterekin sukaldaritzako liburuak irakurtzen hasi zena», dio Zugastik. Bost ikaslek Basque Culinary Centerren ikasteko asmoa dute; beste batzuk, sukaldaritzan oso ondo moldatzen dira eta, badira, sukaldean asko jakin gabe ere, ikasteko asmoz etorri direnak. Baina, «motibazio handia» dutela diote, «lana oso ondo egiten dute guztiek, oso talde ona da», diote arduradunek.
Lehengaiak jatorrian ezagutu
Egun bakoitzean gai baten inguruan ari dira lanean, baina, batez ere, lehengaiak hartu dituzte ardatz. Beizamak bertan eman die lehengai horiek ezagutzeko aukera, naturarekin etengabeko harremanean baitaude han. Herenegun Beizamako Leunda baserrian izan ziren Jon Arrutiren behiak ezagutzen, eta atzo Amenabar baserriko baratze ekologikoa ezagutu zuten. Irteerak ere egin dituzte, ordea. Tolosara egin zuten lehena, eta Fronton jatetxeko sukaldari Roberto Ruizen baratza bisitatu zuten. Beste egun batean Larrabetzuko mahasti batzuk ikusi eta Eneko Atxaren master class bat jaso zuten. Arratsaldean arrantzontzi batean ibili ziren, eta arrain enkante batean parte hartu zuten. Gaur Arantzazu inguruetan ibiliko dira, Oñatin. Artzai Eskolan gazta eta mamia egiten ikasiko dute hala.
Bisitak ere izan dituzte aterpetxean bertan. Bilboko Mina jatetxeko Alvaro Garridorekin postre ikastaroa izan zuten, eta D’elikatuz-eko Idoia Noianekin elikadura orekatuari buruz ikasi zuten. Atzo arratsaldean, berriz, Donostiako Kokotxa jatetxeko sukaldari Dani Lopezen bisita izan zuten.
Lanerako borondatea
Sukaldean aritzeak berekin dakarren guztiaz arduratzen dira gazteak. Jangelako mahaian sukalde eramangarriekin egiten dute lan. Beraz, mahaia lanerako prestatu, jaso, ondoren jateko prestatu eta amaieran dena jasotzen eta garbitzen dute, egunean hiru aldiz. «Borondate handiz» egiten dute lan, arduradunen arabera.
Elkarrekiko errespetua lantzen dute horrela Beizamako aterpetxean. Norberaren betebeharrei erantzuteaz gain, besteei ere euren zatia egiteko eskatzen diote elkarri. Sukaldean ondo pasatzeko, ardura eta lankidetza dituzte ardatz Basque Culinary Centerreko artista gazteek.
Malen Gallastegi: «Motza egiten ari zait, baina oso esperientzia polita izaten ari da»
Malen Gallastegik 17 urte ditu eta bergararra da. Sukaldaritza betidanik gustatu izan zaio, eta udaleku hauetan ikasteko aukera aprobetxatu nahi izan du. Basque Culinary Centerren ikasteko asmo sendoa du.
Nola izan zenuen udaleku hauen berri, eta zergatik animatu zinen bertan parte hartzera?
Amak irratiaren bidez izan zuen udaleku hauen berri eta, beste planik ez nuenez, hona etortzera animatu nintzen. Sukaldaritza asko gustatzen zait, eta eskaintza honek atentzioa eman zidan.
Zer espero zenuen topatzea eta zer aurkitu duzu udaleku hauetan?
Pentsatzen nuen ikastaro formato gehiago izango zuela. Disziplinazko momentuak badaude, baina ematen digute denbora beste gauza batzuk egiteko ere, libre samarra da.
Interes bera elkarbanatuta, elkar aberastuko zarete sukaldaritza kontuetan, ezta?
Bai. Talde txikia gara eta, denoi gauza berdinak egitea gustatzen zaigunez, oso giro polita dago gure artean.
Zer ikasi duzu hemen?
Gauza asko. Irteeretan gauza asko ikusi dugu. Hemen nahiko errezeta normalak ikasten ari gara, egunerokorako errezetak gehienbat. Noizean behin gauza desberdinak ere egiten ditugu, baina ondo dago errezeta ohikoak ere egitea, dominatzen ez ditugun gauza zailak egiten hasi ordez. Ebakitzeko moduak ere ikasi ditugu eta, gainera, errezetak ematen dizkigute etxera joaten garenean ere egin ahal izateko.
Zer daramazu etxera esperientzia honetatik?
Motza egiten ari zait, baina oso esperientzia polita izaten ari da. Oso ondo antolatuta dago dena, eta lagunarte ederra daukagu. Dena ona da hemen.