Aurrena Beizama alderdiak lortu du Beizamako alkatetza, bigarren aldiz jarraian. Ramon Gerrikagoitiak utzitako lekukoa hartuko du Begoña Garmendiak, eta datozen lau urteetan Beizamako alkate berria izango da. Beizamako herritarren plataformak hiru zinegotzi izango ditu hemendik aurrera, aurreko agintaldian baino bi gutxiago. Lehia bizia izan da Udal hauteskundeetan, izan ere, boto bakar baten aldeak erabaki du gehiengoa. Kolore bakarreko Udaletik bi herri plataformek osatutako Udalbatzarrera igaro da herria. Datorren ekainaren 11an abiatuko den agintaldian, Aurrena Beizama eta Beizama Bai herri plataformetako zinegotziak izango dira udaletxean lanean.
Sekulako partehartzea izan dute bozketek. Herritarren %91,78ak eman du botoa, hau da, 134 lagunek. Hiru alderdik hartu dute parte udal hauteskundeetako lehian, Aurrena Beizamak, Beizama Bai-k eta PPk. Aurrena Beizamak lortu du gehiengoa, 62 botorekin, eta horrenbestez, hark izango du ordezkari gehien Udalean. Beizama Bai herritarren plataformak 61 boto jaso ditu, bi zinegotzi lortuta. Azkenik, PP alderdiak ez du boto bakar bat ere lortu, eta ez du zinegotzirik izango Beizamako Udalean.
Aurrena Beizamako zerrendaburu Begoña Garmendia pozik agertu da gaur gauean, emaitzen berri izan duenean. «Herria oso erdibituta zegoela ikusten zen eta emaitzek hori erakutsi dute», adierazi dio Urola Kostako Hitza-ri. Balorazio positiboa egiten du Garmendiak, «herriaren alde lanean jarraitzeko» balioko dielako. «Orain, hausnarketa egin beharko dugu denok, bat egin eta herriak dituen erronkei elkarrekin erantzuteko», gaineratu du.