Jon Guridi futbol jokalari azpeitiarrak Sevilla futbol taldean jokatuko du datozen bi denboraldietan. Sevillako (Espainia) futbol taldeak duela minutu gutxi egin du ofizial haren fitxaketa. Gasteizko Alaves taldearekin zuen kontratua bete eta gero batuko da azpeitiarra Sevilla futbol taldera. 2028. urteko ekainera arteko kontratua izango du Guridik Sevillarekin.
Realaren harrobian ibili eta gero, azpeitiarrak 2016-2017 denboraldian egin zuen debuta txuri-urdinekin Espainiako Lehen Mailan. Debutaren osteko denboraldian lau partida jokatu zituen hark Realaren lehen taldearekin; izan ere, denboraldi hartan Realaren lehen taldea eta bigarrena txandakatzen aritu zen. 2018-2019 denboraldian, berriz, Mirandes taldera jo zuen Guridik Realak utzita. Bi denboraldi osatu zituen Miranda de Ebroko (Espainia) taldean, eta bigarren urtean, Espainiako Bigarren Mailara igotzea lortu zuen. Guztira, 41 neurketa jokatu zituzten azpeitiarrak denboraldi horretan.
Mirandes taldean egindako lana tarteko, Guridi Realera itzuli zen, eta han aritu zen bi denboralditan 30 bat partida jokatu zituen txuri-urdinekin, ligako, kopako eta Europako partidak txandakatuz. Ordea, 2021-2022 denboraldiaren amaieran utzi zuen Guridik talde txuri-urdina, Alavesera jotzeko. Lehen sasoian, 40 partida jokatu zituen talde babazorroarekin, eta gainera, Espainiako Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Harrezkero, ia 150 partida jokatu ditu hark Alavesekin Lehen Mailan. Partida horietan guztietan, gainera, sei gol egin eta goleko bost pase eman ditu.
Orain, Sevilla taldean arituko da Guridi datozen bi denboraldietan, eta han, besteak beste, Alavesen entrenatzaile izan zuen Luis Garcia Plazarekin egingo du topo. Garcia Plazarekin lortu zuen azpeitiarrak, hain justu, Alaves Espainiako Lehen Mailara itzultzea. Urte eta erdi igaro zituzten elkarrekin Guridik eta Madrilgo entrenatzaileak.
Alavesek, bien bitartean, eskerrak eman nahi izan dizkio Guridiri taldean egin dituen urte horietan guztietan erakutsi dituen profesionaltasunagatik eta konpromisoagatik. Gainera, Alavesek "zorterik handiena" opatu dio etorkizuneko erronka pertsonaletan eta profesionaletan.