Hamar urteko etenaren ondoren, Peiremans+ taldea berpiztuko dute, eta abendurako Halley Tour bira iragarri dute zazpi kontzerturekin; bigarrena izango da Azpeitian. Izan ere, abenduaren 11n joko taldeak Sanagustin kulturgunean. Birako kontzertuetarako sarrerak bihar, osteguna, 11:00etan jarriko dituzte saltzen musikaze.net/peiremans webgunean eta Azpeitiko Sanagustineko kontzertukoak Kulturaz.eus-en.
Azpeitiaz gain, Miarritzeko Atabalen (Lapurdi) (abenduaren 4an), Gasteizko Jimmy Jazzen (17an), Iruñeko Zentralen (23an), Donostiako Dabadaban (26an eta 27an) eta Bilboko Kafe Antzokian (29an) joko dute.
Peiremans+ taldea 2005. urtean sortu zuten Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Imanol Ubedak (Bide Ertzean), Haritz Beristainek (Kashbad) eta Marino Goñik (Balerdi Balerdi). Peiremans+ izeneko bost kantako diskoa kaleratu zuten urte hartan eta zuzenean hainbat kontzertu jo zituzten. Gero, ordea, etenaldia egin zuen taldeak, eta hamar urte barru berriro elkartu ziren, 2015ean. Beste disko labur bat atera zuten ordukoan ere, Bigarren saria. Atzera berriz, zuzeneko batzuk jo eta gelditu egin zen taldea, orain arte. Hain justu, sare sozialetan iragarri dute aurtengo abenduan Halley Tour bira egingo dutela.