Asier Itulain ilustratzaile azpeitiarrak Dolu paisaiak izeneko proiektua aurkeztu eta izen bereko erakusketa zabaldu du Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan; ekainaren 14ra arte bisitatu ahal izango da ilustrazioek eta serigrafia nahiz isografia lanek osatzen duten mostra. Kulturazek eskaintzen dituen sormen egonaldietako bat baliatu du Itulainek, eta horri esker garatu ahal izan du proiektua. Dinamoa sormen gunean egin du lanaren aurkezpen ekitaldia, hainbat herritar eta Kulturazeko ordezkariak bertan direla.
Itulainek azaldu du hasieran ez ziola Dolu paisaiak izena jarri proiektuari, baizik eta Zauriak eta hausturak. Baina lana garatzen joan zen heinean, izenburu berri hori sortu zen proiektuarentzako, eta ilustratzailearen arabera, "egindako aurkikuntzen ondorio" izan zen hori. Proiektua garatzeko motibazioaz hitz egin du hark: "Proiektuak motibazio pertsonala dauka, behar batetik sortzen da. Nik sentitutako gauzen narrazio bat da. Zerbait kontatzeko edo askatzeko behar batetik sortu zen proiektua, eta hori materializatzeko modua izan da". Gradua bukatzen ari zela, Gradu Amaierako Lana egiteko aukera sortu zitzaion Itulaini, eta orduan erabaki zuen gaur egun Dolu paisaiak bilakatu dena martxan jartzea.
Abesti bat izan zen egitasmoa martxan jartzeko abiapuntua: Merina Grisek iaz kaleratu zuen Zuloa diskoko Irteera izeneko diskoan, zera aipatzen da: "Zulo hartan, zuloa zen irteera". Itulainentzat garrantzitsua izan zen esaldi hori deskubritzea: "Zuloak zerbait negatibo bezala ikusten ditugu, hondoratze bat bezala edo, baina iruditzen zait esaldi horrek beste ikuspegi bat irekitzen duela. Azken finean, zulo batean ego narren, irekitzen du aukera zulo horretatik irteteko, eta beste zulo bat da horretarako modua. Orduan, konnotazio negatibo hori kentzen dio zuloaren kontzeptuari". Kontzeptu horretatik hasi zen proiektua garatzen, eta gero, eboluzionatzen joan den heinean, hiru bloketan banatu du egileak proiektua.
Hiru bloke, hiru eraikin
Itulainek hiru bloketan bereizi du proiektua: kartzela, bunkerra eta iglua. Lehen blokean kartzelari egin dio erreferentzia; izan ere, haren ustez, dolu prozesuetan hasiera izaten da gogorrena. "Nik jaitsiera bezala identifikatzen dut lehen blokea, eta iruditzen zait kartzelaren kontzeptuarekin bat egiten duela. Nik deskribatzen dudan kartzela ez dago lotuta kriminologiarekin; gehiago lotzen dut kartzelaratzearen kontzeptuarekin. Hau da, zu kartzela batera ez zara sartzen zeure kabuz, sartu egiten zaituzte, kanpoko faktore batek eragindako zerbait da giltzapetze hori eragiten duena. Ikusi nuen kontzeptu horrek lotura zuela nik deskribatu nahi nuenarekin", adierazi du.
Bigarren blokea bunkerra izango litzateke. "Bunkerra eta kartzela desberdintzen dituena, nire ustez, da kartzelan sartu egiten zaituztela, eta bunkerra zuk eraikitzen duzula beste zerbaitengandik babesteko. Zuk aukeratu duzu gotorleku horretan sartzea, kanpoko faktore batengandik ihes egiteko. Hor dago aldaketa: pasatu zara hondoratzetik zerbait aukeratzera; erabaki duzu zerbaiti aurre egitea". Irudietan, lehengo belztasunetik argi pixka bat antzematen hasten da.
Hirugarren eta azken fasea igluaren kontzeptuarekin lotu du Itulainek. "Niretzako interesgarria izan zen ikustea sua ez dela sortzen igluen barruan, baizik eta iglua eraikitzen dela sua babesteko; etxeko berotasuna gordetzeko. Iruditzen zitzaidan igluak kontzeptualki dikotomia polit bat sortzen zuela. Izotzez eraikitako zerbait da, baina berotasuna transmititzen du. Berotasuna ondoen gordetzen duen eraikina da. Inportantea izan zen niretzako etxea ez ikustea espazio fisiko bat bezala bakarrik, baizik eta espazio emozional bezala ere bai. Etxeak barnebiltzen duen espazio emozional hori interesatzen zait, niretzat hor kokatzen da iglua".
Euskarri fisikoa eta teorikoa
Itulainek azaldu du prozesuaren azken emaitza irudiak diren arren, bere nahia ez dela izan soilik piezak sortzea, baita "horri eusteko zerbait ematea" ere: teoria, idatziak... "Niretzako lana ez da izan fisikoki piezak sortzea bakarrik, serigrafia edo isografia egitea, baizik eta horretaz aparte, ikertzea, irakurtzea, eta ikustea nola, bi gauza horiek –azken emaitza eta ikerketa prozesua– elkartzen joan diren, eta ezin zuen batak bestea gabe izan. Erakusketan piezak ikusiko dira, baina oinarrian dagoen hau azaltzea ere garrantzitsua iruditzen zait", nabarmendu du.
Ekitaldira bertaratutako herritar batek Itulaini galdetu zion, proiektua prozesu pertsonal baten emaitza denez, bera hiru faseetako zeinetan kokatzen den. Zera erantzun zion sortzaileak: "Ni ja bukaeran nago. Perspektiba ariketa bat izan da niretzat. Zuloaren esaldia irakurri nuen, eta esaten du egunerokotasunean gure denboraren zati bat eskainiko bagenio atzera begiratzeari eta gure iraganari buruz hausnarketa egiteari, sentimenduak idazteari, ez ginatekeela egongo etengabe atzera begira, etorkizun bat ireki ezinda. Nik nire burua bukaerako faseetan identifikatzen dut; oroimenetik egindako ariketa bat izan da".
(Argazkiak: Kulturaz)