Azpeitiko konpositoreei aitortza eginez ospatu du Julian Barrenetxea abesbatzak 40. urtemuga

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 7a

Julian Barrenetxea abesbatzak herriko lau konpositore garrantzitsuenen lanak bildu dituen diskoa kaleratu du, eta lan horren aurkezpen ekitaldia egin du Soreasuko Sebastian Donearen parrokian eman duen kontzertuan. Jose Luis Frantzesena, Jose Mari Altuna, Julian Barrenetxea eta Juan Antxieta konpositoreen obrak interpretatu dituzte.

Azpeitiko musika ondarearen zati bat betirako gordeta geratuko da hemendik aurrera. Julian Barrenetxea abesbatzak 40 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko herriko lau konpositore garrantzitsuenen lanak bildu dituen diskoa kaleratu du. Belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu diren doinuak grabatu dituzte, etorkizunean gal ez daitezen. Eta atzo, larunbata, aurkeztu zuten proiektu hori Soreasuko Sebastian Donearen parrokian eman zuten kontzertuan. Hain zuzen ere, emanaldian diskoan jasotako piezak interpretatu zituzten, zuzenean. Halaber, diskoa nola grabatu zuten ere erakutsi zuten, ikus-entzunezko baten bidez.

Proiektua ez da abesbatza baten ekimen hutsa izan. Guztira 40 lagun inguruk parte hartu dute grabazioan: Julian Barrenetxea abesbatzako kideek eta kide ohiek, Kbeat taldeak, Azketa ahots taldeak, Azpeitiko Parrokiako abesbatzak eta Ignacio Arakistain organo jotzaileak. Guztien artean Jose Luis Frantzesena, Jose Mari Altuna, Julian Barrenetxea eta Juan Antxieta konpositoreen obrak interpretatu dituzte.

Azpeitiko lau izen nagusi

Javier Alberdi Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendariaren esanetan, Azpeitiko musika ondarea modu iraunkorrean jasotzeko herriko historiari lotutako lau konpositore nagusi aukeratu dituzte.

Horien artean dago Juan Antxieta, Errenazimenduko euskal musikagile nabarmenetako bat. Alberdiren arabera, ezinbestekoa zen haren presentzia diskoan, bai euskal musikaren historian izan duen garrantziagatik, bai Azpeitiarekin izan zuen loturagatik.

Bestalde, Julian Barrenetxea ere funtsezko figura da herriko musika tradizioan. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako konpositorearen jardunak arrasto sakona utzi zuen Azpeitiko elizako musikaren historian, eta haren izena darama gaur egun 40 urte bete dituen abesbatzak ere.

Jose Mari Altunak eta Jose Luis Frantzesenak osatzen dute laukotea. Altunaren lanak urtero entzun ohi dira San Sebastian eta San Inazio egunetako ospakizunetan. Frantzesena, berriz, gaur egungo konpositorea izateaz gain, Julian Barrenetxea abesbatzaren sortzaileetako bat ere bada. Alberdiren esanetan, haren Jasokunde Meza-k "gure lurretako musikaren izaera" islatzen du, erromantizismo frantsesaren ukituekin uztartuta.

Diskoan Juan Antxietaren O Bone Jesu, Julian Barrenetxearen Arratseko Otoitza, Salve Regina eta Pozez beterik, Jose Mari Altunaren Olazko Amari eta Jose Luis Frantzesenaren Jasokunde Meza bildu dituzte. "Ospakizun bat da; herriko memoriari egiten diogun oparia", esan du Ignacio Arakistainek.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide