Azpeitikoop sortu dute, herrian kooperatibismoa indartzeko proiektua

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 5a

Kooperatibismoaren izpirituari "indarberritu bat" emateko, parte hartze prozesu bat egin dute herriko zenbait kooperatibak, udalak, hainbat norbanakok, bestelako eragileek eta Mondragon Unibertsitateak, eta horren emaitza izan da Azpeitikoop sortzea. Batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi ditu proiektuak, eta bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzak gauzatu.

Azpeitikoop kooperatiba berriaren aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo, osteguna, Basazabal jauregian. Azpeitian kooperatibismoa indartzeko asmoz sortu dute proiektu hori. Ekitaldia Mikel Ugarte Azpeitikoopeko langileak aurkeztu zuen, eta beste hainbat gonbidatuk parte hartu zuten saioan. Era berean, gogoan izan zuten iazko urrian zendu zen Xabier Aranbarri azpeitiarra. "Lehenengo momentutik proiektuaren sustatzaile eta ardura lanetan aritu zen lagun bat gogoratu nahi dugu gaur: Xabier Aranbarri, Kulturaz kooperatibako kudeatzailea. Hari ere eskerrak eman nahi dizkiogu", adierazi zuen Ugartek. Ekitaldian izan ziren Aranbarri zenaren emazte Ainhoa Karrera eta alaba Ane. 

Proiektuaren sustatzaileen ustez, garrantzitsua da arloko eragileek "elkar ezagutza handiagoa" izatea eta kooperatibismoaren izpirituari "indarberritu bat" ematea. Horregatik, Azpeitian kooperatibismoa indartzeko prozesua egin dute herriko zenbait kooperatibak, udalak, hainbat norbanakok eta bestelako eragileek, Mondragon Unibertsitatearekin batera, eta horren emaitza izan da Azpeitikoop sortzea.

Horren inguruko azalpenak emateko, Kontseilu Errektorearen izenean hitz egin zuen Ugartek atzoko ekitaldian. Hark nabarmendu zuenez, batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi dituzte, eta, bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzak gauzatu, betiere elkarlanean oinarrituta. "Izaera progresiboa" izan nahi du Azpeitikoopek; hau da, hazten joan nahi du proiektuetan, eremuetan, aliatuetan, bazkideetan… Momentuz, herriko zazpi kooperatiba dira Azpeitikoopeko bazkide –Guka horien artean–, eta jakinarazi zuen udazkenean egingo dutela norbanakoen kanpaina; izan ere hiru bazkidetza mota finkatu dituzte: bertako kooperatibak, norbanakoak eta Azpeitikoopeko langileak. Proiektuaren "ezinbesteko balio" bat euskara dela ere azpimarratu zuen: "Euskara dugu lan tresna. Euskal Herriko arnasgune nagusia da Azpeitia, baina alor sozio-ekonomikoan ere lanean segitu behar da, oraina eta etorkizuna euskaraz eraikitzen".

Haren ostean, Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza. Hark adierazi zuen kooperatiba ugari daudela Azpeitian: txikiak, handiak, industria sektorekoak, zerbitzu kooperatibak, irakaskuntzakoak... "Erakutsi digute zer baliagarriak diren nahi dugun eredu ekonomikorantz joateko. Kooperatibek ekonomia egiteko beste modu bat proposatzen dute. Pertsonetan oinarritutako ekonomia sortzeko tresna dira. Balioetan oinarritzen dira, demokratikoak eta konprometituak dira. Lurraldean errotuta daude, inguruaz kezkatzen dira". Azpeitiko Udalak kooperatiben ereduan "sinesten" duela esan zuen alkateak, eta sustatu nahi dutela herriko ekosistema kooperatiboa; horregatik babesten duela Azpeitikoop proiektua. "Zorterik onena" opa zien ekitaldian Azpeitikoopeko kideei. "Seguru gaude bide oparoa egingo duela, eta etorkizunean ere bidelagun izango duzue Azpeitiko Udala”.

Kooperatiben balioak mintzagai

Ondoren, solasaldia egin zuten hiru gonbidatuk, Enekoitz Esnaola kazetariak gidatuta. Berez, Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria parte hartzekoa zen, baina azken orduko bat tarteko, ezin izan zuen bertaratu. Eta, beraz, hauek aritu ziren solasean: Jose Ignazio Otaegi azkoitiarra eta Azpeitiko bizilaguna, Lan Mobel kooperatiban urteetan lanean aritutakoa –gaur egun erretiratuta dago–; Joane Korta azpeitiarra, Azpeitikoopen sorrera prozesuan talde eragilean ibili da, eta gaur egun Tokikom euskarazko herri hedabideen elkarteko langilea da; eta Alazne Larrañaga azkoitiarra, Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziako Ekintzailetza eta Merkataritza koordinatzailea. 

Otaegi ikasketak bukatu eta Azpeitiko Lan Mobel kooperatiban lanean hasi zen 80ko hamarkada hasieran, eta esan zuen Azpeitian aurkitu zuen ekosistema kooperatiboarekin liluratuta geratu zela. "Oso gustura" sentitu zen kooperatibismoaren arloan lanean, eta uste du gazteei balioak transmititu behar zaizkiela, ikastetxeetako ekinbideen bitartez. 

Larrañagak, bestalde, nabarmendu zuen "Azpeitiaren elementu bereizgarri bat" dela kooperatiben presentzia askotariko jardueretan: hezkuntzan, elikaduran, kirolean, industrian, lehen sektorean… "Eta horrek adierazten du herrian dagoen izaera eta konpromiso maila kooperatibismoak dituen balio horiekiko. Horren isla bat da". Iraurgi Berritzeneko ordezkariak adierazi zuen egun Urola Erdiko garapen agentzian aurkezten diren egitasmo berriak zerbitzuen alorrekoak direla batez ere, eta horri lotuta, honakoa esan zuen: "Egungo gizartean oinarrizko beharrak asetzen direnean, beste behar batzuk sortzen dira, eta hor kokatzen da zerbitzuen leheneste hori; azken urteetan guk horrela ikusi dugu. Orain urte batzuk merkataritza jarduera zen nagusi, eta orain, aldiz, zerbitzu enpresak sortzen dira; bereziki, osasun eta ongizate arlokoak". Larrañagak gaineratu zuen kooperatibismoa gizartea "beste modu batera eraldatzeko nahi bat" dela.

Kortak, bere aldetik, Azpeitikoopek duen "balio erantsia" azpimarratu zuen; izan ere, haren sorrera ez du norbanako edo enpresa batek sustatu, parte hartze prozesu baten emaitza izan da. "Herri mailako proiektu bat da, eta herri eragile mota desberdinek parte hartu dute", adierazi zuen. Gainera, kooperatibaren jardunaz ere aritu zen Korta, eta esan zuen Azpeitikoopen egitekoa ez dela izango bakarrik kooperatiba berriak sortzea, baizik eta egun dauden kooperatibei ere lagunduko diela. "Azpeitian kooperatiba asko daude, eta haien arteko kooperazioa ere lortu nahi du Azpeitikoopek; balio handia du horrek ere". Kortak azpimarratu zuen, gainera, kooperatibismoa "eredu egokia" izan daitekeela ekintzailetasunari bidea ireki ahal izateko.

Hona hemen Azpeitikoop aurkezteko Gukak prestatu duen bideoa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide