Imanol Eliasen 'Hamaika egun Azpeitian' nobela "erreskatatu" eta argitara eman dute

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 5a

Jose Luis Otamendi, Asier Osa, Itziar Oiarzabal, Nagore Alkorta, Beatriz Aranbarri eta Pello Elorza, gaur 'Hamaika egun Azpeitian' liburuaren aurkezpenean. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Udalak argitaratu du liburua, egilea hil eta hamahiru urtera. Azpeitiko Udal Liburutegian aurkeztu dute lana, Eliasen funts bibliografikoa gordeta dagoen eta idazlana aurkitutako tokian. Eliasen idazlanarekin topo egin izanaren misterioa, azkenean, ez da izan uste zuten bezainbestekoa, aurkezpenean kontatu dutenez. Nobela beltzaren eta kontakizun historikoaren arteko lana da Hamaika egun Azpeitian eleberria.

Imanol Elias (Azpeitia, 1936-Azpeitia, 2013) idazlearen Hamaika egun Azpeitian nobela aurkeztu dute gaur eguerdian Azpeitiko Udal Liburutegian, aretoa jendez beteta zela. Azpeitiko Udalak argitaratu du Eliasen funts bibliografikoan liburutegiko langileek aurkitutako lana. Gaurko aurkezpenean kontatu dituzte argitalpenaren nondik norakoak Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Beatriz Aranbarri Udal Liburutegiko liburuzainak, Itziar Oiarzabal Eliasen alargunak eta Asier Osa semetzakoak nahiz editore lanak egin dituzten Pello Elorzak eta Jose Luis Otamendik.

Egilea hil eta hamahiru urtera argitaratu du udalak haren lana, eta Eliasen alargunarentzat eta semetzakoarentzat bezala, Azpeitiko herriarentzat ere, "opari bat" dela adierazi du alkateak aurkezpeneko hitzartzean. Horrez gain, liburua kaleratzeko prozesuan beren alea jarri dutenak eskertu ditu. Alkortak gogorarazi du, Azpeitiko herriaren memoria ez galtzeko lan asko egin zuela Imanol Eliasek, eta orain haren memoria mantentzea egokitzen dela. "Zorteko gara Elias azpeitiarra izateaz eta Azpeitiaren alde lan egin zuen guztiagatik. Oraindik ikusten da hark egindako lanak fruituak ematen segitzen duela", gaineratu du alkateak.


'Hamaika egun Azpeitian' liburuaren aurkezpenean bildutako jendea, Azpeitiko Udal Liburutegian. (Nerea Uranga)

2013ko urtarrilaren 26an hil zen Elias, eta handik bi urtera haren liburuak-eta Azpeitiko Udalaren esku utzi zituen Itziar Oiarzabal Eliasen alargunak. Erakundeak Eliasen funts bibliografikoa osatu zuen, 2.000 liburu eta dokumentu baino gehiago jasota, eta funts hori Azpeitiko Udal Liburutegiaren hirugarren solairuan dago gordeta 2016. urtetik. Jasota bai, baina 2023. urtera arte ez zen erabilgarri egon ondare hori, azaldu du Beatriz Aranbarri Azpeitiko Udal Liburutegiko liburuzainak. "Eliasek bere bizitzan zehar bildu eta zaindu zuen ondare intelektualaren eta pertsonalaren zati garrantzitsu bat dago gordeta liburutegian", gaineratu du Aranbarrik. Hori guztia erabilgarri jartzeko eta behar bezala kontserbatu ahal izateko Kultura zinegotziarengana jo zuten liburuzainek, eta Lanbideren bidez bi langile kontratatu zituen udalak. Horri esker, funts horiek antolatzeko, katalogatzeko eta liburutegiko bildumara integratzeko lanak egin ahal izan dituzte.

Antolaketa lan horretan zebilela liburutegian, Eliasen lanen artean ezezaguna zitzaion eta inon argitaratu gabea zela uste zuen lan bat aurkitu zuen Aranbarrik. "Itziarrek [Oiarzabal] liburutegira egindako bisita batean, aurkikuntzaren berri eman nion eta hark irakurtzeko hartu zuen idazlana". Une horretatik eta liburua aurkezteko gaurko ekitaldira arteko "istorio berezia" partekatzea "ohore handi bat" izan da Aranbarrirentzat, eta gaurkoan hiru gauza daude ospatzeko haren ustez: "Dohaintza baten eskuzabaltasuna, ondare baten kontserbazioa eta orain arte ezezaguna izan den eleberri baten jaiotza publikoa". Hori esan ostean, emandako laguntza teknikoagatik Marian Altuna eta Nekane Jimenez eskertu ditu Aranbarrik.

Nobela beltza eta kontakizun historikoa

Liburutegira egindako bisitan jasotako senarraren idazlana irakurri zuen Oiarzabalek etxean, eta segidan, lanari buruzko iritzia jasotzeko eta hura kaleratzeko hurrengo pausoak emateko Jose Luis Otamendirengana eta Pello Elorzarengana jo zuen laguntza eske. Horiek biek egin dute liburuaren edizio lana eta Azpeitiko Udalak argitaratu du. Eliasen Hamaika egun Azpeitian nobelaren "aurkikuntza txikia edota erreskatea" hasieran uste baino misterio txikiagokoa izan da Otamendiren arabera, azkenean ez baita izan uste zuten "bezainbestekoa".

Istorioa eta historia uztartzen dituen nobela beltzaren arrastoak dituen lana da Hamaika egun Azpeitian. Antzerki lanak alde batera utzita, Imanol Eliasek egindako Amuko zubia (1989) lehen nobela ekarri du gogora Otamendik, eta esan du kaleratu berri den eleberriak "tonuan eta estiloan antzekotasunak" dituela. Nahiz eta abiapuntu historikoa mende bat geroagokoa izan gaur aurkeztutako lanak: "Eleberri honetan 1870. urteko udan gaude, eta bigarren karlistada piztu aurreko garai asaldatuaren lekuko izango gara; Espainiako sei urteko demokratikoa –1868-1874–, lehenengo errepublika-eta tartean, deituaren aldi ezin nahaspilatuagoan".

Garaiko Azpeitiko herriaren bizitza eta toki errealak fikzioarekin ezkontzen ditu nobelan Eliasek; ondo dokumentatutako lana da Otamendiren arabera. "Kontakizuna inguratzen duten leku, kale eta eraikin gehienak benetakoak dira, ordukoak. Hala ere, liburuan jokatzen diren korapilo nagusien hainbat gertaleku asmatutakoak dira". Paisaia humanoarekin ere antzekoa gertatzen da, haren arabera: "Zorroztasun historikoz izendatzen ditu 1870 hartako uda hondarreko gorabehera sozial eta politikoen protagonisten izen eta jokabideak; udal ordezkariak, apaizak... Baina eleberriaren zainak mugitzen dituzten pertsonaia garrantzitsuenak, Joxe Arruti bera buru dela, fikziozkoak dira". Nobela beltzaren elementuak eta misterioa ez dira falta liburuan. Ustez arrastoa galdutako lan bat eskura jartzea gauza "polita da" Otamendiren ustez, "espero gabeko oparia".

Hamaika egun Azpeitian idazlana enkoadernatuta aurkitu zuten Eliasen artxiboen artean; paperean bai, baina digitalean ez. Horrenbestez, liburua argitaratu aurreko digitalizazio lanak egin zituen aurrena Pello Elorzak: "Originalak 170 orrialde ditu, eta denak banaka-banaka eskaneatu nituen, eta programa batzuekin eskaneatutako irudi horiek testu bihurtzeko behar zena egin nuen. Hori egin ondoren, Eliasen idazlana Euskaltzaindiaren arauetara eguneratu genuen Otamendik eta biok". Liburuaren edizio lanak "oso gustura" egin dituela nabarmendu du Elorzak.

'Hamaika egun Azpeitian' liburuaren aurkezpenera joandakoak eskuetan argitalpenarekin. (Nerea Uranga)

Liburu "freskoa eta polita" da Elorzaren ustez gaur aukeztu duten Eliasen liburua. "Liburuko protagonista Arruti abokatu zumaiarra da. Honek azpeitiar baten gutuna jasoko du, berarekin hitz egin nahi duela eta Azpeitira etortzeko esanez. Hor hasten da drama guztia", aurreratu du Elorzak liburuaren edukia. 

Biografia liburuan aipatua

Imanol Elias izan zena eta hark egindako lana ere ekarri nahi izan ditu gogora gaur Elorzak. "Pertsona polifazetikoa" izan zela esan du, eta hark kultur arloan Azpeitian egindako lana goraipatu du, haren lan batzuk zerrendatuz. Uztarria kultur koordinadorak 2002ko irailean kaleratutako Imanol Elias liburuxka biografikoa –Mailo Oiarzabalek idatzi zuen– ere aipatu du Elorzak aurkezpenean.

Hain justu, liburuxka biografiko hori da Hamaika egun Azpeitian lanaren aurkikuntzaren misterioari zatitxo bat kentzen diona: Imanol Eliasek berak liburuan esaten baitu bigarren eleberri bat bukatuta daukala, eta idazlan horren izenburua Hamaika egun Azpeitian dela. Itziar Oiarzabal ohartu zen horretaz, hala kontatu du gaurko aurkezpenean: "Harrigarria da, baina sentitu dut Imanol ibili dela liburutegian eta gure etxean... Liburutegian Beatrizek idazlana aurkitu eta etxera eraman nuen irakurtzeko. Ondoren, iluntze batean, telebista ikusten nengoela, ondoko mahaian neukan Imanoli buruzko biografia liburua hartu nuen eta irakurtzen hasi nintzen, aldian behin egin izaten dudan moduan. Harrituta gelditu nintzen erabat, irakurri nuen pasartean [159-160 orrialdeak] gaur aurkezten ari garen nobela idatzita zeukala esaten baitzuen".

Imanol Eliasek etxean idazten, paper artean, pasatzen zituen denborak gogoratu ditu Oiarzabalek, eta bai bera eta bai Asier [Osa] semetzakoa harekin asko gogoratzen direla azpimarratu du. Oiarzabalek Imanoli eskainitako hitzak irakurri ditu jendaurrean: "Gaur egun handia duzu Imanol, baina bai guk ere", esan dio idatzian. "Zu joan eta hurrengo egunean sentitzen nuen nahigabearekin eta bakardadearekin, zuk hainbeste ordu idazten pasatzen zenituen gelako orri eta lan denak harrika botako nituen. Baina zuk esan ohi zenuen: 'Idatzitakoa hor gelditzen da idatzita, besteren batek eskuetan hartzen badu ere'. Horrek lasaitu ninduen...".  Geroago, orduan zinegotzia zen Mikel Ibarzabalekin hitz egin zuela eta Eliasen artxibo guztia liburutegira eraman zutela azaldu du Eliasen alargunak.

Eliasen liburua argitara ateratzeko lan egiten duten denak eskertu ditu Oiarzabalek, baita aurkezpen ekitaldira joandako herritar guztiak ere. Liburuaren aurkezpen ekitaldia bukatzekoTxoriak txori kantua entzun da liburutegian, Amaia Aranagak biolinarekin interpretatuta.

Hamaika egun Azpeitian liburua ez du saltzen jarriko Azpeitiko Udalak, eta aurrerago azalduko du interesa dutenek nola eskuratu ahalko duten. Gaur aurkezpen ekitaldira joandakoek ale bana eskuratzeko aukera izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide