Pertsona bat atxilotu dute eta beste bi ikertzen ari dira, bitxiak lapurtzeagatik

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 5a

Atxilotutako emakumearen etxean aurkitutako zenbait bitxi. (Ertzaintza)

48 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, eta haren bikotekidea eta semea ikertzen ari da. Zaintzaile gisa lan egiten zuen etxebizitzetan eta egoitzetan zenbait bitxi lapurtzea eta ondoren saltzea leporatzen diote emakumeari. Poliziak egindako kalkuluen arabera, guztira, 11.000 euro baino gehiagoko irabaziak izan dituzte.

Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen atzo, osteguna, Azpeitian, Gipuzkoako adinekoen zenbait etxebizitzatan eta egoitzatan bitxiak lapurtu dituelakoan. Era berean, beste bi pertsona ikertzen ari da Ertzaintza. Zenbait herritarrek lapurretengatik salaketak jarri ondoren abiatu zuen Urola Kostako ertzain etxeak ikerketa. Ertzainor Unitateko txakurren eta gidarien laguntzarekin, pertsona horiek bizi diren etxebizitza miatu zuten aurrena ertzainek, eta han lapurtutako zenbait bitxi eta dokumentu aurkitu ostean gauzatu zuten atxiloketa. Adineko pertsonen zaintzaile gisa etxebizitza partikularretan zein egoitzetan lan egiten duen 48 urteko emakumea da atxilotua.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, zenbait bitxi eta erloju, gehienak urrezkoak, lapurtu zituen azken hilabeteetan emakume horrek, eta gero, bitxi horiek bere bikotekideari eta semeari — 61 eta 26 urtekoak, hurrenez hurren— ematen zizkien, urrearen eta bitxien salerosketa puntuetan sal zitzaten. Poliziak egindako kalkuluen arabera, salerosketa horien bidez, guztira, 11.000 euro baino gehiagoko irabaziak izan dituzte.

Emakumea lapurreten ustezko egilea delakoan atxilotu zuen Ertzaintzak. Gainera, konfiantzazko abusuagatik eta talde kriminal baten barruan dirua hartzeagatik eta zuritzegatik delituak "larriagotu" dizkiote hari. Haren bikotekideari eta bien semeari, berriz, eginbideak ireki dizkiote.

Atxilotutako emakumea poliziaren eskuetan utzi dute bidezko eginbideak egiteko, eta, prozesu hori amaitutakoan, epailearen aurrera eramango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide